Gure Balioak

Julen Zabaleta Barrenetxeak jasoko du GURE BALIOAK SARIA 2018, “bere legatu historiko-artistiko garrantzitsuarengatik”
Sortzez elgoibartarra, baina 60 urte baino gehiago daramatza Eibarren bizitzen; Julen Zabaleta Barrenetxea marrazkilariak jasoko du aurtengo Gure Balioak Saria. Ume-umetatik izan du marrazketarako zaletasun handia eta hasieratik erakutsi zuen talentu berezia horretarako. 97 urterekin, marrazten jarraitzen du “maisuki eta trazu sendoz”.
Gizarte, enpresa eta hezkuntza arloan diharduten Debabarreneko sei lagunek osatutako epaimahaiak erabaki du saria Julen Zabaletari ematea, “bere zalantzarik gabeko talentu, ekimen eta izaera altruistarengatik; beti prest bere ilustrazio lanak behar izan dituzten pertsona eta erakundeekin kolaboratzeko eta bere ekarpena egiteko”. Marrazketarako duen pasioari leial jarraituz, nabarmentzekoa da liburu ilustratzaile gisa Julen Zabaletak egin duen ibilbide emankorra, “eta ez du inoiz zalantzarik egin bere marrazkiak uzterako orduan, trukean ezer eskatu gabe”.
Elgoibar, Eibar eta, oro har, Debabarreneko eskualdeari oso loturik egon da, eta azken hamarkadetan gogotik marraztu du gure herrietako eraikin eta alderdi esanguratsuenak erralismo eta zehaztasun handiz jasoz. Hala, epaimahaiak modu oso positiboan baloratu du Jiulen Zabaletaren lana, “balio artistiko eta kultural handikoa; bere obraren bidez, Debabarreneko eta, oro har, Euskal Herriko aberastasun historiko eta arkitektoniko oparoa ikus daiteke, baita geure herriek bizi izan duten eraldaketa ere”.
Azkenik, epaimahaiak aintzat hartu du artistaren “lan isil eta etengabekoa, sormena, umiltasuna eta aldarte ona”.
Saria datorren urriaren 25ean banatuko da Mallabiko pilotalekuan, 19:00etik aurrera. Mallabiko Udalarekin batera, beste urte batez, DanobatGroup enpresaren laguntza izango du Gure Balioak Sariaren banaketa ekitaldiak.
Saridunak Juan Luis Baroja Collet artistaren eskultura bat jasoko du, sari honetarako bereziki diseinatua.
Aurreko edizioetan sarituak:
- 2017: Felix Etxeberria Larrañaga
- 2016: Nerea del Campo Agirre
- 2015: Antonio Cancelo Alonso
- 2014: Sabin Osoro Unzueta
- 2013: Carmelo Urdangarin Altuna
- 2012: Jesus Bilbao Azpiri
- 2011: Gemma Agirregomezkorta Laka
- 2010: Tere Gantxegi Juaristi