GURE BALIOAK 2015: Antonio Cancelo

ANTONIO CANCELOk (Zamora, 1936), Eroskiren sortzaile eta Mondragon Taldeko presidente ohiak, jaso du Gure Balioak Saria 2015, bere adopzio herrian, Eibarren.

Epaimahaiak, enpresa, hekuntza, kultura eta arlo sozialean diharduten Debabarrena eskualdeko 9 lagunek osatua, Canceloren “lan ibilbide zabal eta bikaina” nabarmendu du, “sustrai sakonak dituzten balioen erakusgarri, horien artean bere gaitasun ekintzailea, pertsonengan jarritako konfiantza eta gizarte solidario eta bidezko baten aldeko konpromisoa” nabarmenduz.

Epaimahaiak aintzat hartu du “Canceloren ekarpen baliotsua garapen ekonomiko eta sozialaren alde, enplegua sortuz eta ingurunearen hobekuntza eta guztien ongizatea bilatuz”.  Baina, batez ere, “beste enpresa eredu baten adierazgarri izan izana” aitortu dio epaimahaiak Cancelori, “mozkinak, merkatua, eraginkortasuna eta antolamendu egokia ez daudela lehian elkartasunarekin eta ardurak partekatzearekin, eta lankidetza, zintzotasuna, apaltasuna, esfortzua eta nekaezintasuna ez daudela lehian errentagarritasun ekonomikoarekin eta, batez ere, sozialarekin”. 

Epaimahaiak Canceloren lan ibilbide “sendoa eta koherentea” hartu du kontuan. 1969an, euskal enpresa handienetako baten sorreran parte hartu zuen, Eroski. Bertako zuzendari izan zen 1990. urtera arte. Urte berean, Eroski Taldeko presidente izendatu zuten. 1992an, Mondragon Taldeko Banaketa eta Elikadura Dibisioko presidenteorde izan zen eta 1995ean MCC Taldeko Kontseilu Orokorreko presidente izendatu zuten.

 

ANTONIO CANCELO

Zamorako herri txiki batean jaioa, ATS ikasketak egin eta horretan jardun zuen lanean denbora batez. 60ko hamarkadaren hasieran gurasoekin Eibarrera etorri zen eta kezka sozial, erlijioso eta kulturalak zituen gazte talde batekin egin zuen bat. Testuinguru horretan, helburu sozialak zituzten zenbait enpresa-ekimenetan interesa agertu eta, azkenean, kontsumo kooperatiba baten sorreran parte hartu zuen, Juan XXIII izenarekin, eta bertako zuzendari gisa hasi zen lanean.  Kooperatiba hau 1969an sortuko den EROSKIren jatorrizko muinaren parte izango da.

Formazio egokirik gabe enpresa munduan zuzendaritza postuetan aritzeko, aldi berean ikasten eta lanean jardun zuen. Eroskiren zuzendaritza hartu eta 25 urtez egon zen bertan. Denbora horretan estatuan inoiz egon den kooperatiba handiena bihurtu zen eta banaketaren sektorean aritzen diren hiru enpresa garrantzitsuenetako bat izan zen.    

Bere lan ibilbideko azken urteetan, Mondragon Taldeko presidente izan zen, 6 urtez, eta urte horietan asko handi zen. 28.000 lanpostu izatetik 60.000 izatera igaro zen.

Egun, enpresen aholkularia da, hitzaldiak eskaintzen ditu eta hainbat argitalpenetan artikuluak idazten ditu.