GURE BALIOAK 2017: Felix Etxeberria Larrañaga

Felix Etxeberria Larrañagak jaso zuen Gure Balioak Saria 2017, “euskararen alde egindako ibilbide luze eta emankorragatik”.

Euskaltzale amorratua, ekintzaile saiatua eta langile nekaezina”, Felix Etxeberria Larrañaga Parapanek (Elgoibar, 1926) jaso zuen 2017an Gure Balioak Saria. Elgoibarko alfabetatze eta euskalduntzearen, Ikastolaren eta Elgoibarko Izarra Kultur Elkartearen sorreran eta garapenean “arima eta motorra” izan zen, besteak beste; gainera, Danobat kooperatibaren sorreran ezinbesteko rola izan zuen eta, bertan lanean ari zela, Etxepe lantegia eratu zuen.

Enpresa, hezkuntza, gizarte eta kirol arloan diharduten Debabarreneko 9 lagunek osatutako epaimahaiak erabaki zuen saria Felix Etxeberriari ematea, “bere ekimen eta izaera ekintzaileagatik, bai eta bizitza eta ibilbide profesionalean xede hartu dituen helburuak lortze aldera hainbeste lagunen lankidetza eta talentua erakartzeko, motibatzeko eta inplikatzeko gaitasuna erakusteagatik ere, beti euskara eta euskal kultura ardatz izanik”.

Epaimahaiak Felix Etxeberriaren figura azpimarratu zuen “euskalgintzaren eta herrigintzaren erreferente gisa”, ez soilik Elgoibarren edota Debabarrenean, baita eskualdetik kanpo ere, “etengabeko konpromisoa eta ahalegina eta erabateko dedikazioa erakutsiz, beti ere musutruk eta eskuzabaltasunez jokatuz”.

Era berean, epaimahaiak aintzat hartu zuen “zintzotasunez, gogo handiz, ausardiaz, modu sortzailean eta ekimen berriei ekiteko ilusioz arlo ezberdinetan egindako lan emankorra, gizarte kontzientzia nabarmena erakutsiz kooperatibismoaren aintzindaritzan, lan munduan euskararen erabilera bultzatuz edota memoria historikoaren berreskuratzean”.

Felix Etxeberria Larrañaga “Parapan” (Elgoibar, 1926)

1926. urtean sortu zen Sallobente – Ermuaran auzoko Parapan baserrian. 14 urterekin hasi zen lanean peoi, Eibarren. Ondoren, Orbea, Sigma eta Jarbe lantegietan aritu zen. 27 urterekin, Jarbe lantegian ari zela, Danobat sortzeko idea izan zuen eta, 1954an, hamasei lagunen artean abiarazi zuten, proiektu kolektibo gisa.

Danobat kooperatibaren sorrera-prozesuan eragile lanetan jardun zuen Felixek, eta beste horrenbeste 1973an Etxepe lantegia sortu zutenean. Lan-mundua euskalduntzen ere jardun zuen Felixek, eta Danobaten kasuan, lehen hiztegi teknikoa sortu zuen. Etxeperen kasuan ere antzera izan zen, euskaraz lan egiteko eta funtzionatzeko konpromisoa hartu zuten eta, besteak beste, enpresaren irabazien zati bat euskalgintzari ematen zioten.

Danobaten lan egiteaz batera, euskalgintzako eragile funtsezkoenetako bat izan da Felix Etxeberria Elgoibarren. 1959an Ongarri kultur elkartearen eratze prozesuan eta bere sustapenean parte hartu zuen; euskarazko gau-eskolen eratze prozesuan parte hartu zuen eta bertan euskarazko klaseak eman zituen 10 urtez; 1962an Elgoibarko Ikastolaren bultzatzaileetako bat izan eta, urtebete geroago, Elgoibarko Izarra elkarte euskaltzalearen sortzaileetako bat izan zen. Halaber, beste hainbat ekimen sustatu zituen Elgoibarren: antzerkia, dantza eta bertsolarizaren inguruko ekimenak, Aubixa aterpetxea, mendi-irteerak… Zeruko Argia eta Anaitasuna aldizkarietan kronikagile ere aritu zen.

AEK-k antolaturiko Korrikaren edizio ia guztietan parte hartu du eta maiz eraman du lekukoa, azkena aurtengo apirilaren 5ean, 90 urterekin.

Azken urteotan buru-belarri aritu da “Elgoibar 1936” elkartearen aholkulari eta laguntzaile lanetan, memoria historikoa berreskuratzeko gerra garaiko kontuak bildu, argitu eta gizarteratzen.