GURE BALIOAK 2011: Gemma Agirregomezkorta

GURE BALIOAK sariaren bigarren edizioan, Gemma Agirregomezkorta elgoibartarrak jaso du Gure Balioak saria laguntza sozialaren alorrean egindako lan eskuzabal eta handiarengatik.

Epaimahaiak nabarmendu zuenez, “iniziatiba, solidaritatea, zintzotasuna, esfortzua, konstantzia eta besteenganako zein euren kulturarekiko errespetua” dira Gemmaren ezaugarri nagusiak. “Gurpildun aulkian egon arren, Gemma oso pertsona ekintzailea da, zintzoa eta solidarioa. Oso gaztetan hasi zen orotariko elkarte eta taldeekin lanean, elbarrituen elkarteak, emakumeen elkarteak edota Hiesak jotako gaixoen eta drogamenpekotasunaren prebentziorako taldeetan”.

Gemma Agirregomezkorta

Agirregomezkortari 12 urterekin distrofia muskularra diagnostikatu zioten, eta gurpildun aulkian dago ordutik. Bere ibilbidean lan mardula egin du elbarrien gizarteratze eta laneratzearen alde eta 1985ean Elgoibarko Izpi lantegiaren sorreran lagundu zuen. Ermuko, Eibarko, Elgoibarko zein beste herrietako elbarrituei zuzendutako lantegia da Izpi.

2001ean, Miski elkartea sortu zuen elgoibartarrak. Perun Cuzco zonaldeko komunitateei laguntzea da elkarte honen helburu nagusia, bertako haurren eta, batez ere, neskatilen eskolaratzea bultzatuz. Bere ekimenez bideratutako laguntzari esker 600 bat ume eskolatu dira dagoeneko.