“Lanean jarraitzen baduzu eta nora iritsi nahi duzun argi baduzu, konbinazio perfektua duzula uste dut”

Kristinak eta Oroitzek Geist Consultancyn egiten dute lan, eta ezagutzaren kudeaketa-zerbitzuak ematen dituzte bertan. Debegesatik Kristinarekin egon gara, eta negozioa irekitzeko ideia nola sortu zen, ekintzaile izateko esperientzia eta zertan oinarritzen den beren lana azaldu digu.

1-Nola bururatu zitzaizun Geist irekitzeko ideia? Zure kabuz lan egin nahi izan al duzu inoiz?
Geist aholkularitza 2019an sortu nuen. Ni Alemaniarra naiz. Nazioarteko enpresa batean lan egin nuen sei urtez, eta bertan, Geist-en bezala, ezagutza estrategikoaren kudeaketa ezartzen genuen. Nire ikasketa guztiak gai horri buruzkoak dira, hau da, gaitasunen araberako ezagutzaren kudeaketari buruzkoak. Geist- ireki nuenetik, lanaldi osoan nabil honetan lanean.

2-Zer egiten duzue zehazki Geist-en?

Geist alemanezko hitz bat da. Adimena edo arima esan nahi du. Gure kasuan, era guztietako zerbitzuak ematen dizkiegu erakundeei eta pertsonei. Jakintza kudeatzeko zerbitzuak dira. Zerbitzu nagusia ezagutzaren kudeaketan zentratuta dago, erakunde eta sailetan, baita pertsonengan ere. Baliabide garrantzitsuena egunero lanera etortzen diren pertsonak ezagutzea da. Pertsona bat oso sistema konplexua da eta bakoitzak baliabide desberdinak ditu. Horietako asko ezin ditugu ikusi: ezagutzak, esperientziak, harremanetarako sareak… Maila pertsonalean (bakoitzak zer talentu eta gaitasun dituen) eta profesionalean (proiektu bat gauzatzeko) laguntzen dugu, baina baita ekintzaileen mailan ere, Heldu programan bezala. Bertan, nazioartean ezagunak diren gaitasunen esparru desberdinekin lan egiten dugu, eta ezagutzak, talentua eta iraganean bizitako guztia ikusten dugu… hori dena aztertu eta gero, zein arrakala dauden, zeintzuk diren bakoitzak landu beharko lituzkeen gaitasunak edo nola erabil ditzakeen modu eraginkorragoan… ikusten dugu.

Maila pertsonalean garrantzitsua da automotibazioaren gaia lantzea, baliabideak antolatzea, kudeatzea eta erabakiak hartzea. Antolakuntzari dagokionez, gauza asko ez dira ukigarriak, eta hor galdetzen diogu geure buruari nola kudea ditzakegun. Gaur egun asko hitz egiten da helburuez eta horiek nola landuko dituzun. Zuk, erakunde gisa, helburu bat duzu, estrategia bat, ezagutza kritiko bat, eta horrek lehiakor egiten zaitu, eta bezeroek zure produktuak erosi edo zure zerbitzura joan nahi izatea eragiten du. Bestalde, oso argi eduki behar da zerk bereizten zaituen. Analisi nagusi hori egiten duzunean, ikusten duzu zer inplementatu behar den, zerekin lan egin dezakegun… Adibidez, negozio edo proiektu mota berri bati ekin nahi badiogu, jakin behar dugu zer ezagutza behar dugun, erakundean garatuko dugun, erosiko dugun, aholkularitza bat kontratatuko dugun, patente bat erosiko dugun…
Hau laburpen bat litzateke. Gero, web orrian zehatzago azalduko dugu.

3-Ba al duzue epe labur edo luzerako helbururik?

Lehenengo helburua jendeak gu ezagutzea da. Bestalde, gure zerbitzuak emateaz gain, ez oso epe laburrean, produktu propio bat garatu nahi dugu, baina horretan ari gara lanean denbora daukagunean.

4-Nola erabaki zenuen ekintzaile izatea?
Ni Alemaniatik nator. Lehenengoz etorri nintzenea jada duela zazpi urte, lan-merkatua aztertzean, ez zegoen ezer talentuaren kudeaketari eta langileen garapenari buruz, ezta nire espezialitatea den ezagutzaren kudeaketari buruz ere… Elkarrizketak egiteko deitzen zidaten zer egiten dudan jakiteko, baina hemen ez zegoen nire esparruarekin lotutako lan-eskaintzarik. Imajinatzen dut orain joera handiagoa dagoela talentuari buruz, baina ez hainbeste gaitasunen eta ezagutzaren kudeaketan. Bestalde, beste herrialde batzuetatik ere ekarri dut nire ezagutza eta esperientzia, eta orain nazioartean kolaboratzen jarraitzen dut Alemaniako eta Ingalaterrako enpresekin ikerketak egiten eta kongresu akademikoetan parte hartzen dugu. Gai horiek beti eguneratzen ari dira, esperientziak trukatzen aritu behar da, trebatzen… Eta nire arloko lanik aurkitu ez nuenez, pentsatu nuen ea zergatik ez nuen sortuko oraindik hemen ez zegoen zerbait, eta azkenik, horrela, ekitea erabaki nuen.

5-Zer aholku emango zenioke ekintzaile izan edo ez zalantzan dagoen norbaiti?
Helburua argi edukitzea. Epe luzera utopikoa izan daiteke, baina gauzatu daitekeen zerbait eduki behar da. Horrek ikuspegia mantentzen eta argi komunikatzen lagunduko dizu. Zure ideia globala edo generikoa bada, ezin izango duzu zure lehen bezeroarekin komunikatu eta hura irabazi. Lehenik eta behin, lan hau zeure buruarekin egin behar duzu, dena oso argi edukitzeko eta azken helburura iritsi ahal izateko.

6-Ekintzaile izatea merezi duela uste duzu?

Noski baietz. Azken finean, bakoitzak bere nagusia izan nahi du, bere erabakiak hartu, mundua modu desberdinetan ikusten dugulako, bakarrak garelako, eta, beraz, bakoitzak balio erantsi hori duelako. Baina denok ez dugu adorerik, beldur asko daude. Beti izango zara beldur lehen pausoa emateko, baina lanean jarraitzen baduzu eta nora iritsi nahi duzun argi baduzu, konbinazio perfektua duzula uste dut.

7-Balio erantsia aipatu dugunez, zein uste duzu dela zurea?

Ez da ezer berria, baina alde batetik esango nuke Alemaniatik ekartzen dudan osagai kultural desberdin hau dela. Ez dago gaizki merkatua dibertsifikatzea.

8-Zure negozioa irekitzea erabaki zenuenean, ezagutzen al zenituen Eibarguneko instalazioak?
Nire negozioak ez du bereziki lokalik edo bulegorik behar, hau da, ez duzu egun osoan leku ireki batean egon behar. Ekin aurretik Ekingune Debabarreneko ekintzaileen elkarteko kide egin nintzen. Hori izan zen niri eragin zidan puntuetako bat, haiekin ekintzailetza-tailer pare bat egiten ari nintzelako. Lehen Eibarren nengoen coworking batean, garrantzitsua baita zure etxea eta lantokia bereiztea. Beste pertsona batzuk ere lanean ari diren leku batean egon naiz, eta web orria egin didaten pertsonak edo dirulaguntzaren bat eskatzen lagundu didatenak ezagutu ditut. Ekingunek hori guztia ekarri dit. Leku egokian zaudenean, informazioa iristen zaizu.


Hemen lehen Ekinguneko bi ikus-entzunezko enpresa zeuden eta bulego batzuk libratzen zirela esan zidaten. Hau pandemiaren ondoren izan zen, konfinamentuan egon ginenean. Uste dut une horretan jende askok pauso hori eman zuela, leku bat bilatu, bulego bat… Ez da gauza bera etxean edo bulego batean egotea. Hemen pozik nago: bilera-gelak ditugu, ondoan beste negozio bat dago…

9-Bidaliko zenioke animo mezu bat ekintzaile izateko zalantzan dagoen norbaiti?
Denok ikasi eta desikasi behar dugu egunero. Borondatea eta konstantzia behar dira jarrera positiboarekin aurrera jarraitzeko. Edozein helburu lor daiteke. Gaur egungo joera zerbait finkoa izatea da, eta gero pixkanaka malgutasuna eta askatasuna izateko jendeak bere proiektua garatzen du. Merkatuan zer geratzen den aztertu. Zeure buruari galdetu behar diozu zer egingo zenukeen, zerk bereizten zaituen besteengandik… eta hori eginez galdetzen da. Ziur aski, lan eginez gero, ikusiko duzu zer gustatzen zaizun egitea. Azkenean, motibazioa lan gehien egiten duzun lekuan dago. Hor gehiago praktikatzen duzu eta gehien hazten zara. Orduan, ikuspegia hor jarri behar duzu, eta errentagarria bada… aurrera. Behatzea eta hausnartzea da gauza.