Negozio ideia lantzeko edo enpresa-proiektua martxan jartzen laguntzeko Lanbideren dirulaguntzak eskatzeko epea zabaldu da

Debegesa Garapen Agentziak kudeatuko ditu Debabarrenean ekintzaileei zuzendutako dirulaguntzak; eskabideak aurkezteko epea azaroaren 3an amaituko da, ostirala.

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak ekintzaileei laguntzeko dirulaguntza deialdia abian jarri du. Debabarrenean negozio ideia bat landu edo enpresa-proiektu berria martxan jarri nahi duten herritarrek Debegesa garapen agentziaren bitartez egin dezakete eskaera. Eskabideak aurkezteko epea datorren ostiralean amaituko da, azaroak 3.

Dirulaguntza hauek bideratzeaz gainera, Debegesak aholkularitza eta beharrezko duten laguntza eskainiko die ekintzaileei eta plazak mugatuak dira. 

Dirulaguntzen zenbatekoari dagokionean, negozio ideia lantzeko laguntza, gehienez ere, 1.000 eurokoa izango da sustatzaile bakoitzeko. Enpresa-proiektu berriak martxan jartzeko, berriz, gehienez ere 1.500 euroko laguntza emango zaio sustatzaile bakoitzari. Zenbateko hauek % 15 handituko dira baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada (eskaera aurkezten duen unean), eta beste % 15 emakumezkoa bada.

Laguntza eskatzeko interesa duten herritarrek dokumentazioa Debegesaren bulegoetan aurkeztu behar dute. Informazio gehiago eta bete beharreko eskabide-orria eskuragarri dago hemen. Halaber, argibide gehiago 943 82 01 10 telefonora deituz edota ekintzaile@debegesa.eus epostara idatziz eskuratu ahal izango dute interesa duten guztiek.