Debabarreneko Udalek, Debegesak eta hezkuntza zentroetako ikasleek bat egin dute 2030 Agenda bultzatzeko

Eskolako Agenda 2030 Debabarrenean: Eskola-komunitateari zuzendutako garapen jasangarrirako heziketa programa bat da Eskolako Agenda 30

Udaletxeekin elkarlanean, 20 urte inguru daramatza Debegesak, Debabarreneko Garapen Agentziak, eskualdean Eskolako Agenda 2030 egitasmoa sustatzen eta koordinatzen. Eskola-komunitateari zuzendutako garapen jasangarrirako heziketa programa bat da Eskolako Agenda 30. Egitasmoak hiru helburu ditu:

  • Ikastetxeak ingurumen eta gizarte jardunbide egokien eredu bihurtzea.
  • Ingurumen eta gizarte-arazoak identifikatzeko eta horiei konponbidea emateko gai diren ikasleak heztea.
  • Partaidetza  eta  ingurumenarekiko errespetua sustatzen duen hezkuntza bermatzea.

Guztira, eskualdeko 20 ikastetxe ari dira parte hartzen Debabarrenean Eskolako Agenda 2030 programan. Programaren baitan, hezkuntza komunitate osoari zuzendutako ekintzak antolatzen dira, ikasle, irakasle eta familiei. Aurten ere Energia eskuragarria eta ez-kutsagarria gaia landu dute.

Aurreko ikasturtean udalerriko energia diagnosia egin zuten, eta hainbat proposamen egin zizkieten udal ordezkariei, energia kontsumoa murrizteko helburua zutela ardatz. Aurten aldiz, esku-hartze planean jardun dira buru belarri.

Hilabete honetan, eskolarteko udal batzarrak egingo dituzte. Ekitaldi hauetan, ikasleek tokiko agintariei beren lana aurkezteko eta mezuak partekatzeko aukera izango dute.