Debabarrena lehentasunez jarduteko eremu (LJE) izendatu du Eusko Legebiltzarrak

Eusko Legebiltzarrak, pasa den azaroaren 16ko ohiko osoko bilkuran,  aho batez onartu zuen Debabarrena lehentasunez jarduteko eremuen (LJE) jarduketa-dinamikaren barruan sartzeko ponentziaren txostena onartzea. Ponentzia horren arabera, Debabarrena eskualdeak azken urteotan jasan duen gizarte- eta ekonomia-narriadurak arrazoitzen du,  Enkarterri, Ezkerraldea, Meatzaldea, Oarsoaldea eta Aiaraldearekin batera, Eusko Jaurlaritzaren lehentasunez jarduteko eremu izendatzea.

Horrekin batera, eta datorren urteko martxoaren amaierarako, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako eta Bizkaiko foru-aldundiekin lankidetzan, Debabarrena sozioekonomikoki biziberritzeko erakunde arteko plan estrategiko bat diseinatu beharko du. Plan horretan azalduko dira Debabarrenari bultzada emateko eta eskualdeko kohesioa lortzeko behar diren lehentasuneko ekintzak eta gauzatuko diren proiektu traktoreak. Planak gutxienez 24 edo 26 milioi euroko aurrekontua izango du, lau urteko epean egin beharreko inbertsio lerroak zehaztuko ditu eta jarraipena, koordinazioa eta ebaluazioa Debegesarekin, eta ondorioz, eskualdeko zortzi udalekin, elkarlanean egingo da.

Ponentziari 2021eko urrian eman zitzaion hasiera eta denbora tarte honetan Debabarrena osatzen duten zortzi udalerriko (Eibar, Elgoibar, Deba, Mutriku, Soraluze, Mendaro, Mallabia eta Ermua) hainbat eragile sozial, ekonomiko eta instituzionalek agerraldiak egin dituzte Legebiltzarrean. Hasiera horretan, orain onartutako ondorioak biltzen dituen dokumentua aurkeztu zen osoko bilkuran eztabaidatzeko eta bertan nabarmentzen den ondorio nagusia da Debabarreneko hazkunde ekonomikoa  “geldirik dagoela”. Hurrengo agerraldietan eta bileretan egiaztatu izan da aurreko hamarkadatan eskualde honek ezaugarri izan duen industria jarduerak indarra galdu duela, eta horrek eragin zuzena izan duela udalerrien bizitzan.

Industria jardueraren beherakada

Azken txostenean, gabezia nagusien artean, bizilagunak gutxitu izana ere nabarmentzen da. Gainera, Debabarrena zahartze-prozesu handia jasaten ari da, izan ere, kontsultatutako eragileen arabera, gazteak beste udalerri batzuetara joaten dira bizitzera, bai etxebizitzaren prezioagatik (batez ere herri turistikoenetan), bai  eraikinen narriaduragatik. Alderdi ekonomikoari dagokionez, industriak pisua galdu du hainbat arrazoirengatik: enpresak itxi egin direlako, batzuk EAEko hiriburuetara joan direlako eta berriek ez dutelako Debabarrena aukeratzen honek duen orografia konplexuagatik.  

Langabezia tasa, EAEkoa baino handiagoa

Horren guztiaren ondorioz, langabezia-tasa Gipuzkoako, Bizkaiko eta EAEko batez bestekoa baino handiagoa da, eta diru sarreren oinarrizko errentak jasotzen dituztenen pertsona kopurua ere handia da. Immigrazioa eta gizarteratzea ere premiazko arreta merezi duten gaitzat hartzen dira. Txostenean adostutako dokumentuaren arabera, ahalegin handia egin behar da enplegagarritasun- eta prestakuntza programetan, pertsona horien guztien integrazioa bermatzeko.

Era berean, txostenak eskatutako plan estrategikoak jaso beharreko zenbait proposamen aipatzen ditu, plan estrategikoan zehaztasun handiagoz landu beharko direnak. Horien artean dago hirien berroneratzea, izan ere, Debabarrenean, EAEko batez bestekoa baino zaharragoa da eraikinen antzinatasuna. Plan horretan aurrera egin beharko da degradatutako auzoen berroneratzean, eta okerren dauden eremuen berroneratze integralaren alde egin, irisgarriagoak eta energetikoki eraginkorragoak izan daitezen.

Biztanleria zahartzeari dagokionez, ez dago nahikoa belaunaldi-errelebo eskualdearen bereizgarri izan diren kualifikazio espezifikoetan. Horren aurrean, prestakuntza duala sustatuko dituen neurriak garatzera bultzatzen du txostenak eskualdean errotuta dauden zenbait lanbidek biziraun dezaten. Profesionalen gabeziari aurre egiteko, kontuan hartzen du, halaber, Debabarrenak duen immigrazio-tasa handia, eta errentagarri bihur daiteke enplegagarritasun-programen eskaintzaren bidez. Horrek bi helburu lortuko lituzke: langileak gehitzea eta kanpoko pertsonak integratzea.

Turismoa eta garraio publikoa: lehentasuneko ardatz

Eusko Legebiltzarrak onartu duen txostenaren arabera, Debabarrena suspertzeko lehentasunezko ardatzak bi dira: industriari lotutako jarduera ekonomikoa eta zaintzari lotutako herritarren ongizatea  bultzatzea baina garrantzia handia ematen dio era berean turismoari, txostenaren amaieran nabarmentzen den bezala. Euskal Kostaldeko Geoparkea erakargune bat da orain, baina badaude eskualdean interesgarriak diren beste hainbat toki balioan ipini behar direnak. 

Azkenik, mugikortasun dagokionean, honako jarduerak beharrezkotzat ikusten dituzte: Ermua eta Deba arteko tranbiaren maiztasuna hobetzea, Zumaia eta Donostia artean orain dabilen trena Debaraino zabaltzea edo Mutriku, Itziar, Mallabia eta Soraluze artean anezka -lanzadera- bat sortzea planteatu du. Maltzagako nodoan ere jarduketa egitea proposatzen du, tren-geltokia berreskuratzeko, autobus-geltokia kokatzeko eta autoendako eta bizikletentzako aparkalekuak eraikitzeko.