Zure etxeko energia diagnostikoa zure kabuz egiteko galdetegiak diseinatu ditu Debegesak

Debegesak etxeko kontsumoa zure kabuz diagnostikatzeko galdetegiak diseinatu ditu. Bi modutara egin daiteke: webgunetik galdetegi bat deskargatuta edota Debegesako ofizinetan eskuragarri dagoen maletina maileguan hartuta.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, “Energia Argituz” kanpainaren bidez, etxebizitzetan energia eraginkortasunarekin lotutako neurketa sinpleak egiteko ikastaroak eta maletatxoa eskaintzen ditu. Ekimen hori oinarri hartuta, Debegesak, Debabarreneko Garapen Agentziak, zerbitzu berri bat jarri du herritarren eskura: norberaren etxebizitzako energia diagnostiko sinplifikatuak egiteko galdetegiak diseinatu ditu.

Galdetegi sinple bat da, eta zure kabuz etxeko diagnostikoa egin eta energia kontsumoa ulertzeko lagungarri izango zaizu. Gainera, efizientzia energetikoa hobetzeko eta zure faktura elektrikoaren kostua murrizteko gomendioak emango dizkizu. Emaitzak izan ondoren, zure fakturan eragingo duten neurri errazak martxan jarri ahalko dituzu.

Galdetegiak zure etxebizitzako ezaugarrien galderak ditu: argiteria, berogailua  eta ur bero sanitarioa, inguratzailea, instalatutako ekipoa, kontratua eta energia berriztagarriak. Emaitzak bai edo ez markatzeko laukitxoak izango dituzu. Baiezko erantzun kopuruaren arabera, zure faktura aurreztu dezazun neurri erraz batzuk gomendatuko dizkizu.

Bi modutara egin daiteke diagnostikoa: maletinarekin edo maletin gabe. Maletin gabe egin nahi duenak, jarraitu beharreko galdetegia eta azalpen liburuxka energia.debegesa.eus webgunean topatuko du deskargatzeko materiala. Maletindun galdetegiak, ordea, diagnostikoa egiteko galdetegiaz gain, neurtzeko aparatuak eskaintzen dizkizu.

Maletinak zure etxean neurketak egiteko erramintak ditu: Aire-ihesen detektagailua, termometroa eta higrometroa, erradiadoreen purgagailua, entxuferako elektrizitatea kontsumoaren neurgailua., hozkailurako termometroa eta uraren emaria neurtzeko kronometroa. Erraminten erabilerak ez du inolako ezagutza teknikorik eskatzen; beraz, interesdun pertsona orok erabili ahal izango ditu. Gainera, galdetegian, pausoz pauso, erraminta bakoitzaren jarraibideak azaltzen dira.

Maletina Debegesako bulegoetan mailegu bidez eskura dezakezu. 14 eguneko eperako zeureganatu dezakezu, 30 euroko diru asegurua utzita. Maletina itzultzean dirua ere itzuli egingo da. Gomendagarria da deitzea 943 82 01 10 telefonora eskuragarri dagoen jakiteko.