Martxan da Heldu! ekintzailetza-programaren bigarren edizioa

  • Debegesarekin lankidetzan egingo da eta parte hartu nahi dutenek uztailaren 24ra arte eman dezakete izena
  • Programaren helburua da enpresa-ideia bat duten pertsonei aholkularitza eta laguntza ematea ideia hori probatzeko eta baliozkotzeko

Eibarko Udalaren Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailak, Debegesa eskualdeko garapen-agentziarekin lankidetzan, martxan jarri du HELDU! ekintzailetza-programaren bigarren edizioa garatzeko prozesua.  Ekimen hau iaz egin zen lehen aldiz, eta, izandako emaitza onak ikusita, Udalak erabaki du esperientzia errepikatzea.  Programaren helburua da enpresa-ideia bat duten pertsonei aholkularitza eta laguntza ematea ideia hori probatzeko eta baliozkotzeko

Programaren lan-saioak irailean hasiko dira eta izena emateko epea uztailaren 24ra arte (egun hori barne) egongo da zabalik. Interesdunek hemen eman dezakete izena.

Programa hau enpresa bat sortzeko ideia berritzaile bat izan eta proiektua Eibarren garatu nahi duen edonori dago zuzenduta. Honako jarduera-lerroak lehenetsiko dira: doitasun-ingeniaritza, industriari lotutako zerbitzuak, 4.0 industria, klima-aldaketa eta energia iraunkorra, eta kirolari aplikatutako teknologiak.

Parte hartzen duten pertsonek ikaskuntza-prozesu erabat praktikoa garatu ahal izango dute emaitzak lortzera bideratua, eta arloko adituek gidatua.

Horretarako, 100 ordu baino gehiago jasoko dituzte formazioan eta aholkularitzan. 40 ordu inguru formazio espezializatukoak izango dira, 50 ordu aholkularitzakoak eta 20 ordu tutoretza-saioetakoak.  Landuko diren gaiak: negozio-ideiaren definizioa, proiektuaren zabalkundea, eta egitasmoa abian jartzeko beharrezkoak diren alderdi guztiak (baliozkotzea, estrategia, finantza-plana, marketin- eta salmenta-plana, ekipoak eta pertsonak, eta legezko alderdiak).  Hori guztia emaitza zehatzak eta erabilgarriak lortzera zuzenduta.

Saioetan zehar, besteak beste, hainbat zerbitzu eta bitarteko jarriko dira ekintzaileen esku: tresna eta metodologia berritzaileak, ekintzaileen komunitate batekin harremanetan jartzeko aukera, instalazioak, finantzabideak eta inbertitzaile potentzialekiko kontaktua, BPTD elkarteko enpresa eta erakundeekin kontrastatzeko aukera eta ikusgarritasuna eta networking-a.

Gainera, hala exijitzen duten proiektuek puntako profesionalen laguntza jasotzen jarraitu ahal izango dute, EHUNDU eta MAKE IN ekintzailetza-programen bidez.  Lehena – EHUNDU – enpresa-proiektu bat abian jartzea zailtzen edo zalantzan jartzen duten gai espezifikoak konpontzera bideratuta dago, eta bigarrena – MAKE IN – enpresa-ekimen berriak merkatuarekin konektatzera.

Lehen edizioaren emaitzak

HELDU! programaren lehen edizioak oso emaitza onak izan zituen, iazko irailean hasi eta lau hilabetetan zehar garatu ondoren. 9 ekintzaile lanean aritu ziren Debegesako instalazioetan Udalak abian jarritako enpresa-inkubagailu berrian, aldez aurretik programan parte hartzeko hautatuak izan ziren izaera berritzaileko sei proiektutan.

Parte-hartzaileek landu zituzten proiektuak eta ideiak, besteak beste, ingeniaritzako aholkularitzan, ingurumen-kudeaketan, energian, lean manufacturing-ean edo armagintzan oinarritu ziren. Eta, emaitza gisa, 2 proiektuk erabaki dute beren ekimenak martxan jartzea.