Hasi da 2024ko STEAM Erronka

Debegesak, Debabarreneko Garapen Agentziak, jarri du martxan erronka eta guztira 30 esperimentu jaso dira bideo formatuan.

Eskualdeko ikastetxeek ikasturtean zehar Zientziaren eta Teknologiaren esparruan egindako proiektuak biltzen ditu We Make Debabarrena! STEAM erronkak. Erronka honen helburua da ikasle eta zentroek STEAM bokazioak sustatzeko egiten duten esfortzua erakustea eta STEAM hezkuntzan balioan jartzea. Atzotik, maiatzaren 13tik, maiatzaren 22ra egongo da zabalik erronka.

Aurreko urtean bezala, bi irizpide erabiliko dira erronkaren irabazlea aukeratzeko, eta horietako bakoitzak % 50eko pisua izango du sariaren azken puntuazioan. Alde batetik, bideoen ikustaldiak kontatuko dira, eta, bestetik, epaimahai batek hautatuko ditu kategoria bakoitzean esperimentu onenak irizpide zehatz batzuk aintzat hartuta. BPTDrekin eta STEAM bokazioarekin (BASQUE PRECISIÓN TECHNOLOGY DISTRICT) lotutako 6 erakunde eta enpresatako pertsonek osatzen dute epaimahaia.

Guztira 30 esperimentu daude ikusgai, eskualdeko 11 ikastetxeetan egin direnak: Debako Luzaro HLHI, Mutriku BHI, Elgoibar BHI, Elgoibar Ikastola, Ermuko Anaitasuna Ikastola eta San Lorenzo Eskola, Mutrikuko Goizeko Izarra Ikastola eta San Miguel Ikastetxea, Eibarko Amaña HI eta Arrateko Andra Mari Ikastetxea eta Mallabiko Learreta-Markina Eskola.  

Hiru kategoriatan sailkatu da erronka: LH3-4, LH5-6 eta DBH. Bideoak honako estekan ikusi daitezke: STEAM Erronka 2024 | BPTD Makers

Maiatzaren 22a arte hartuko dira kontuak ikustaldiak, eta, orduan, epaimahaiaren balorazioarekin bateratuko dira irabazleak aukeratzeko. Maila-tarte bakoitzeko talde-irabazleak bi sari izango ditu aukeran: Euskal Kostaldeko Geoparkearen bisita gidatuaren eskaintzetako irteera bat aukeran edo 500 euroko erosketa-bonoa eskualdeko elektronika denda batean STEAM eskolako materiala erosteko (biak dira talde osoarentzat).

Erronkari itxiera emateko ekitaldi bat egingo da. Maiatzaren 31n, Eibarko Errebal Plazan izango da, 11:00etatik 12:00etara. Ekitaldi horretan erronkako sariak banatuko dira, eta magia ikuskizun batez gozatzeko aukera ere izango da Alain Zulaika Niala Magoaren eskutik.

BPTD Makers proiektua

Eustaten arabera, Euskadin,  azken lau urteetan,  ikasleen % 17 gutxiago matrikulatu da STEAM ikasketetan. Lanbide Heziketatik eta unibertsitatetik irtendako ikasleen % 39 dira, hain zuzen, alor horietan ikasketak gauzatu dituztenak. Errealitate hori are nabarmenagoa da emakumeen kasuan: STEAM adarrak aukeratzen dituzten ikasle neskak guztizkoaren % 9 baino ez dira Lanbide Heziketan, eta % 31 unibertsitatean. Gazteak eta batez ere neskak STEAM bokazioatara erakatzeko gero eta ekimen gehiago jarri dira abian, bai eskola-eremuan, bai handik kanpo. Horren adibide da Debegesak, Debabarreneko Garapen Agentziak, orain dela urte batzuk abian jarri zuen BPTD Makers proiektua. Haren helburua da eskualdean teknologia eta zientzia arloan egiten diren jarduerak eskualde mailan ezagutu eta ikustaraztea. Gainera, ikastetxeak ere beren eguneroko jardueran gero eta ekintza gehiago egiten dituzte STEAM hezkuntzaren inguruan.