Ekitera bideratuta dauden motibazio tailerrak jarriko ditu abian Debegesak

1970-01-01 Iruzkinik ez

Eskualdean ekintzailetza sustatzea helburu duen Debabarrena Ekinean egitasmoaren baitan, Debegesak, eskualdeko udalekin elkarlanean, motibazio tailer bat antolatu du ekitera bideratuta. Hiru saio egingo dira,  Ermuan, Soraluzen eta Elgoibarren.

Nigan sinesten dut. Deskubritu zure pasioa” izenburupean, motibazio saio hauek Iker Fernandez coach profesionalak eskainiko ditu, ‘Abentura arrakastatsuen sortzaile’ ezizenez ezaguna denak. 2 orduko esperientzia izango da, parte-hartzaileen talentua deskubritu eta sustatzera bideratuta, lorpen pertsonalak indartu eta oztopoak apurtzera. Tailer honek lortu nahi du partaideen artean gogoa, ilusioa eta indarra piztea modu naturalean, hurrengo pausoa eman ahal izateko.

Ekiteko nahia duten pertsonei, baina bultzadatxo bat behar dutenei, eta dagoeneko ekintzaile direnei, baina era bateko edo besteko zailtasunak dituztenei, daude zuzenduta tailerrak.

Lehendabiziko hitzordua ostiralean izango da, urriaren 10ean, Ermuko Izarra Centre eraikinean, 9:30etik 11:30era.

Hurrengo hitzorduak:

  • Urriak 24, Soraluze (zinean). 18:00 – 20:00.
  • Azaroak 28, Elgoibar (Musika Eskola). 18:00 – 20:00. 

Parte hartzeko interesa dutenek aurrez izena eman behar dute Debegesaren bitartez,  943 82 01 10 telefonora deituz edo ekintzaile@debegesa.com helbidera idatziz.