Debabarrenako Turismo Mahaia abian da

2011-05-06 Iruzkinik ez

Atzo egin zen Debegesan Debabarrenako Turismo Mahaiaren
lehen bilera. Bileran Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo sailburuorde
Pilar Zorrillak hartu zuen parte, Basquetour Turismoaren Euskal Agentziako
ordezkariekin batera. Debegesaren aldetik, Irune Berasaluze presidentea, Juan
Angel Balbas zuzendaria eta Turismo Saileko teknikariak izan ziren. Azkenik,
eskualdeko ordezkarien artean, zenbait politikarik, Mutriku eta Debako Turismo
Bulegoetako arduradunek eta turismo sektoreko agente pribatu ezberdinek hartu
zuten parte bileran. Sektore pribatu hau ostatu ezberdinek (hotel eta pentsio,
kanpinak, aterpetxeak, landa-turismo eta landa-etxeak), jatetxeek eta turismo
aktiboko enpresek osatzen dute.

Bileran Turismo Mahaiaren funtzio eta helburuen
aurkezpena egin zen, baita Euskal Turismoaren Lehiakortasun eta Berrikuntza
Plan berriaren aurkezpena ere.

Debabarrenako Turismo Mahaia eskualdeko turismoa
bultzatzeko sektore publiko eta pribatuaren elkarlana sustatuko duen lantalde
iraunkorra da. Ekimen turistikoak bultzatzea, azpiegitura eta zerbitzuen
hobekuntza, berrikuntza sustatzea, irisgarritasuna, kalitatea, sentsibilizazio
eta heziketa ekimenak edota promozio turistikoa dira Mahaiak landuko dituen gai
batzuk. Honela, Debabarrenako 2008-2012 Dinamizazio Turistikorako Plana adostu
zuten atzoko bileran, planean azaltzen diren proiektuen aurrerapausoak
azpimarratuz.

Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo sailburuorde
Pilar Zorrillak 2010-2013 Euskal Turismoaren Lehiakortasun eta Berrikuntza Planaren
nondik norakoak azaldu zituen. Era berean, Euskadin turismoak 2010ean eta
2011ko lehen hiruhilabetekoan lorturiko datu onak nabarmendu zituen, Euskadin
sektore turistikoak duen indar ekonomikoa azpimarratuz.

Azkenik, sektoreko enpresen kalitatea izan zuten bileran
mintzagai eta Helmuga Turistikoen Kalitate programaren emaitzen laburpena egin
zen. Debabarrenako 25 enpresek parte hartu dute aipatu programa honetan. Mahaia
parte hartzaileen argazki batekin amaitu zen.

 

Expovacaciones Azoka

Debabarrenako eskualdeak aurten ere bere tokia du Expovacaciones turismo azokan, Eusko Jaurlaritzaren
eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik.

32. edizioa da aurtengoa eta igandera bitartean luzatuko
da. Urtero 270.000 bisitari jasotzen ditu azokak eta 800 erakustoki hartu ohi
ditu.