“Primerako instalazioak dira”

Iñaki Bilbaok makina-erramintaren arloan egiten du lan Bartzelonako MTC enpresarentzat. Bera inguru honetako ordezkaria da eta Debegesako inkubategiko bulegotik egiten du lan.

1- Zertan datza, zehazki, zure lana?

Makina-erramintaren osagarriekin egiten dugu lan eta horiek, suteen aurkako babes-osagarriak adibidez, makina txikietan daude espezializatuta. Adibide bat jarriko dut hobeto ulertzeko. Jendeak auto bat erosten duenean, batzuek tuneatzeko osagarriak erosten dituzte. Bada, kasu horietan bezala, makina-erremintarako osagarriak ere badaude. Makina bat erostean eta urteak pasatzen direnean, pixka bat zaharkituta geratzen dira eta batzuek hobekuntzak behar izaten dituzte. Bada osagarriak horretarako daude, makinak hornitzeko.

Guk, lehen, Zarautzen geneukan ordezkaritza. Orain, Eibarren gaude. Logistikoki eta batetik bestera mugitzeko, hobea da Eibar. Hemendik 50 minututan edozein lekutan zaude. Lehengo urtarrilean hasi nintzen hemen, Debegesako inkubategian, lanean. Inkubagategian denbora gehien daramana naiz, baina besteak ez bezala, ni enpresa bateko langilea naiz. Alde bakarra da nire lanpostua hemen dagoela eta ez Bartzelonan. Hemen bi arlo lantzen ditugu: lan komertziala eta laguntza teknikoko zerbitzua (LTZ). Nitaz gain, beste mutil bat etortzen da azken zerbitzu hori ematera, baina beharra dagoenean, beste teknikari batzuk ere etortzen dira, normalean Bartzelonatik. Hiruzpalau egunetan beren lana burutu eta joan egiten dira.

2-Ezagutzen zenituen instalazio hauek lehenagotik?

Ez. Guk bulegoa Zarautzen geneukan, lehen esan bezala. Gero nagusiarekin hitz egin nuen esateko hemen Eibarren hobeto egongo ginela. Esan zidan zerbait bilatzeko. Beraz, SPRIrekin kontaktatu nuen eta Matsariako pabiloiak ikustera joan nintzen, baina oso handiak dira. Niretzat orain dudan bulego bat bezalakoarekin nahikoa da. Orduan esan zidaten hemen Debegesan galdetzeko. Halaxe egin nuen eta hemengo eta beheko (Eibargunea) bulegoak ikusi, prezioak begiratu eta nagusiari komentatu eta gero, horrela amaitu genuen, azkenik, Debegesako inkubategian.

3-Beraz, hemen gustura zaude? Animatuko zenuke jendea hona, inkubategira, etortzera?

Bai. Primerako instalazioak dira. Zarauzkoak bulego txikiak ziren, zahar samarrak… Ez zuten WIFIrik, aire giroturik edo bilera-gelarik… Beste mota batekoak ziren. Hona edozein ekar dezakezu: hornitzaile bat, bezero bat… Eta etxetik lan egitea ez da gauza bera, zeren eta beti duzu distrakzioren bat: oporretan umeak, familia, edonor txirrina jotzen, telebista, sukaldea… Ez da berdina. Hona lanera etortzen zara eta lan egiten duzu. Etxean ez da giro lanerako.