“Nire kabuz estudio bat irekitzeko aukera paregabea iruditu zitzaidan“

Lander Martinezek hamar urte baino gehiago daramatza lanean arkitektura estudioetan eta batik bat, bi esparrutan espezializatu da: obra berriak eta birgaitze lanetan. Orain, Eibarguneko bulegoetan bere estudioa ireki du.

1Orain arteko lanetan, zeintzuk nabarmenduko zenituzke?

Eraikinen eraberritze proiektu asko garatu ditut azken zortzi urteetan. AGM Arquitectos estudioarekin lankidetzan hainbat lan egin ditugu jabe komunitateentzat: aholkularitza lanak, azterketa teknikoak, energia efizientziaren ziurtagiriak, patologia eta akatsen txostenak, etab. Azken urte hauetan, 250 efizientzia-energetiko ziurtagiri baino gehiago egin ditut eta 100 ikerketa tekniko baino gehiago. Beraz, egindako ibilbidearekin eta lortutako esperientziagatik esan daiteke eraikinen energia-efizientzian espezializatu garela.

2- Zarautzetik Eibarrera mugitu zara, zer dela eta?

Orain dela hiru edo lau urte etorri nintzen Eibarrera bizitzera eta ordutik, nire idea eskualdean nire zerbitzuak eskaintzea izan da. Bilaketa prozesu horretan nengoela, Eibarguneko lokalak topatu nituen eta dituzten baldintza eta ezaugarriak direla medio, alokatzea erabaki nuen. Nire kabuz estudio bat irekitzeko aukera paregabea iruditu zitzaidan.

3- Zer da hemen lan egitetik gehien gustatzen zaizuna?

Berezko lokal bat edukitzea beharrezkoa da niretzat, bezeroei arreta egokia eskaintzeko, hain zuzen. Gainera, Eibarguneak ematen dizkidan erosotasunak eta baliabideak asko gustatzen zaizkit.

4- Zein zerbitzu eskaintzen dituzu?

Arkitektura eremuan sartzen diren zerbitzu guztiak eskaintzen ditut, izan ere, kolaboratzaile sare batekin egiten dut lan, eta, horrenbestez, bezero mota bakoitzaren behar guztiei erantzuteko ahalmena daukagu.

Hala ere, eraikinen eraginkortasun eta birgaitze energetikoan espezializatuta gaude eta jabekide komunitateetan aholkularitza eta laguntza teknikoa eskaintzen dugu: txostenak, azterketa teknikoak, efizientzia-energetikoko ziurtagiriak, etab. Eraikinen irisgarritasuna hobetzeko proiektuak eskainiz, obra berriak eta etxe edo lokalen barneko erreformak ere egiten ditugu.

Zerbitzu guztien informazioa webgunean dago eskuragarri (www.lmvarkitektura.com). Hor topa dezakezue Landerren kontaktua eta egin dituzten lanen hainbat adibide. Webgunearen bitartez edo telefonoz jar zaitezkete berarekin harremanetan estudioaren inguruan informazio gehiago eskatzeko.