Ehundu programa berritzailea abian da, enpresa-proiektu garatu bat duren ekintzaileei aholkularitza emateko

2023-05-02

Enpresa berri bat sortu aurretiko prozesuan izandako zalantzak argitzera bideratua dago programa, eta 80 ordutik gorako aholkularitza pertsonalizatua eskaintzen du

Eibarko Udalak, Debegesa eskualdeko garapen-agentziarekin lankidetzan, EHUNDU izeneko programa jarri du abian. Programa honen helburua da enpresa bat sortu nahi duten pertsona guztiek hasierako prozesuan izaten dituzten zalantzak argitu ahal izatea, ezagutu behar diren gaiei buruzko aholkularitza pertsonalizatuko zerbitzu baten bidez.

EHUNDU programa dela-eta, Jon Iraola Eibarko alkateak zera adierazi du: “Udalak konpromiso irmoa du enpresa- eta ekonomia-ekosistema bat sortzeko, Eibarren ekintzailetza eta enpresa-jarduera berriak ezartzea sustatuko duena”.

Horregatik, gehitu du Iraolak, “egunero egiten dugu lan ekintzaileen esku beren proiektuak gauzatzeko beharrezkoak diren bitartekoak eta moduak jartzeko, horrek, halaber, Eibarko enpresa-ehuna indartuko du-eta”. Horren harira, alkateak adierazi duenez,  EHUNDU programa “laguntza berezia izango da zalantzak eta beldurrak gainditu eta ekintzailetzarako jauzia emateko”.

Programak aholkularitzako 80 ordu baino gehiago eskaintzen ditu, zeinetan parte-hartzaileei laguntza emango zaien enpresa bat sortu aurretiko sortze-prozesuan, bai eta gauzatzean eta martxan jartzeko fasean.  Gainera, adituen aholkularitza izango dute argitu beharreko gai bakoitzaren inguruan.

Bestalde, aukera eskaintzen zaie ideia berritzaileak dituen komunitate ekintzaile bateko kide izateko, bai eta beren enpresa-proiektua lantzeko instalazioak erabiltzeko erraztasunak eta proiektua abian jartzeko baliabideak.

Programan parte hartzeak, gainera, proiektuaren ikusgaitasuna eta networking-a errazten ditu, eta baita Debabarreneko industria-enpresen sarerako sarbidea ere (BPTD elkartea).

Era berean, azpimarratu behar da EHUNDU programa honetan parte har dezaketela negozio-plan berritzaile bat garatuta duten pertsonek —plan horren bideragarritasuna bermatuta badago— eta programa sortzeko prozesuan zalantzak argitu beharra dutenek. Gainera, interesa erakutsi beharko dute aurreikusitako jarduera Eibarren garatzeko.

Bestalde, parte-hartzaileak aukeratzeko, honako negozio motak lehenetsiko dira: doitasunezko ingeniaritza, industriarekin lotutako zerbitzuak, 4.0 industria, klima-aldaketa eta energia iraunkorra eta kirolarekin lotutako teknologiak.

Baldintza horiek bete eta programan parte hartu nahi duten pertsonek izena eman dezakete, maiatzaren 31ra arte, https://heldueibar.debegesa.eus/eu/ehundu/ webgunean dagoen formularioa betez.  Halaber, informazio gehiago izateko, Oihana Astigarragarekin jar daitezke harremanetan honako helbidean:ekintzaile@debegesa.eus.

Beste programa batzuk ekintzailetza sustatzeko

Eibarko Udalak ekintzailetza sustatzeko estrategiaren esparruan, EHUNDU programa berri bat da, Udalak eta Debegesak lehendik abian jarritako beste batzuei batzen zaiena:  HELDU Ekintzailetza berritzailea eta Make In.

HELDU programa enpresa-ideia zehazteko laguntza behar duten ekintzaileei bideratuta dago. Iaz hasi zen eta aurten bigarren edizioa izango da. Eta Make In programa, industria-azeleraziora bideratua, laguntza eskaintzen du merkatuak zabaldu edo dagoeneko martxan dauden enpresa berriak hazten laguntzeko Programa honen bigarren edizioa izango da aurten.

Bai HELDUk, bai EHUNDUk, Udalak bultzatuta, Eibarren enpresa berriak ezartzea dute helburu; Make In, berriz, Debegesak sustatuta, Debabarrena eskualde osorako da, eta martxan dauden enpresetan hobekuntzak sartzera bideratuta dago. Hala, ekintzailetza-programa horien bidez, Eibarko Udalak beste urrats bat eman nahi du ekintzailetzaren aldeko apustuan, bai Eibarren, bai eskualdean, ekintzaileek aholkularitza teknikoa behar dutela ikusi baita.