Debabarreneko ikasleek beren proposamenak eta eskaerak helarazi dituzte beraien herriko plenoan

2025-06-11

Debabarreneko ikasleek “Ekoizpen eta kontsumo arduratsua” gaia landu dute ikasturte honetan Eskolako Agenda 2030 programaren baitan. Gai honen inguruan konpromiso indibidualak hartzeaz gain, proposamen zehatzak ere aurkeztu dizkiete udal ordezkariei euren herrietan egindako osoko bilkuretan.

Eskualdeko 19 ikastetxek parte hartu dute, aurten ere, Agenda 2030 ekimenean. Helburua da udalerri jasangarriago baten eraikuntzan eskola-komunitatearen inplikazioa sustatzea eta horretarako, Debegesa, eskualdeko Udalen eta Berritzegune Nagusiaren laguntza daukate ikastetxeek. Osoko bilkura horietan, ikasleek beren eskaerak eta proposamenak helarazi dituzte, eta erantzun zuzena jaso dute tokiko agintarien aldetik.

Ikasturtean zehar, ekoizpen eta kontsumo arduratsuarekin lotutako jarduera ugari egin dira ikastetxeetan. Jorratutako gaien artean, hondakinen kudeaketa, arropa eta jostailuen berrerabilpena, sasoiko eta kilometro zeroko produktuen kontsumoa, uraren erabilera arduratsua, tokiko merkataritza edota aisialdi jasangarria daude. Horri guztiari esker, ikasleek kontsumo-ohiturei buruzko diagnostiko kolektibo bat egin ahal izan dute, eta hobekuntza-proposamenak definitu dituzte.

Lan horren emaitza gisa, ondorioak udaletara eramateaz gain, gazteek konpromiso pertsonal eta kolektibo batzuk hartu dituzte beren gain, bizimodu jasangarriago baterantz aurrera egiteko.

Debabarreneko Eskola Agenda 2030: parte-hartzearen eta iraunkortasunaren aldeko apustua

Eskolako 2030 Agenda iraunkortasunerako hezkuntza-programa bat da, Eusko Jaurlaritzak Berritzegune Nagusiaren bidez sustatua, Debegesa Garapen Agentziarekin eta Debabarreneko Udalekin lankidetzan. Hogei urte baino gehiago dira programa eskualdean garatzen dela, Garapen Iraunkorreko Helburuak (GJH) hezkuntza-komunitateari hurbiltzeko asmoz.

Bere helburua da ikasleen protagonismoa sustatzea erabakiak hartzean eta beren udalerrietan ekintza eraldatzaileak bultzatzean. Ingurumen-heziketako programa gisa, ingurunea hobetzen aktiboki parte hartzera bideratutako ezagutzak, trebetasunak, jarrerak eta balioak barneratzea sustatzen du.

Gaur egun, Debabarreneko 19 ikastetxek parte hartzen dute programan, eta haien ekintzak hezkuntza-komunitate osoari zuzenduta daude, ikasleak, irakasleak eta familiak barne.

Hau bezalako ekimenekin, Debabarrenak konprometituagoa, kritikoagoa eta jasangarriagoa den herritartasun eredu baterantz aurrera egiten jarraitzen du, 2030 Agendak planteatzen dituen erronka globalekin bat eginez.