Bost ikaslek Debabarreneko industria-ingurunea gertutik ezagutu dute industria-enpresetako egonaldi-programaren edizio berri batean
Danobat, Hanna Instruments, Gaindu, Metrologia Sariki eta AGME enpresek Batxilergoko ikasleei ireki dizkiete ateak, sektore industrialeko lan teknikoa emakume erreferenteen bidez ezagutarazteko
Ekainaren erdialdean, Batxilergoko 1. mailako bost ikaslek parte hartu dute Debegesak bultzatutako eta Hanna Instrumentsen babesarekin gauzatutako industria-enpresetako egonaldi-programaren edizio berrian. Ekimen honek Debabarreneko nesken artean bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzea du helburu.
Parte-hartzaileak Eibarko Aldatze eta La Salle ikastetxeetako, eta Elgoibar BHIko ikasleak izan dira, eta haiek Danobat, Hanna Instruments, Gaindu, Metrologia Sariki eta AGME bezalako eskualdeko industria-enpresa erreferenteak bisitatu dituzte. Aukera izan dute enpresa horien funtzionamendua, ekoizpen-prozesuak eta garatzen diren lan teknikoak bertatik bertara ezagutzeko.
Aurten, ekimen honek Hanna Instruments enpresaren babesa izan du. Debegesatik gure esker ona adierazi nahi diogu Hanna Instruments enpresari programari emandako babesagatik. Bere laguntzari esker, Debabarreneko ikasleek industria-ingurunearen errealitatea gertutik ezagutzeko eta STEAM bokazioak sustatzeko aukera bikaina izan dute. Babes hori funtsezkoa da nesken talentua bultzatzeko eta etorkizuneko belaunaldien garapenean eragiteko.
Esperientziaren alderdirik esanguratsuenetako bat izan da bisitak enpresetako emakume profesionalek gidatu dituztela, hau da, neskek sektore maskulinizatuetan erreferente diren emakumeak ezagutu ahal izan dituztela.






Debegesaren helburua da neskei beren etorkizun profesionala erabaki aurretik aukera teknologikoak gertutik ezagutzeko aukera ematea, genero-estereotipoak haustea eta sektore industrialak eskaintzen dituen aukerak zabaltzea. “Enpresa industrial baten egunerokoa ezagutzea eta emakumeak lanpostu teknikoetan aritzen direla ikustea funtsezkoa da bokazioak pizteko eta nesken autokonfiantza sustatzeko”, adierazi dute garapen agentziatik.
Debegesak eskerrak eman nahi dizkie parte hartu duten enpresei, Hanna Instrumentsi babes ekonomikoagatik, eta bisitetan mentore gisa aritu diren langileei, ikasleentzako esperientzia aberasgarria eta inspiratzailea posible egin dutelako.