60 ikasle bildu dira We Make Debabarrena! STEAM Erronkaren sari banaketa ekitaldian

2026-05-25

Debabarreneko ikastetxeek ikasturtean zientziaren eta teknologiaren arloan egindako proiektuak biltzen ditu We Make Debabarrena! STEAM erronkak. Oraingoan 13 esperimentu jaso dituzte eta joan den ostiralean egin zuten sari banaketa ekitaldia, Elgoibarko Aita Agirre Kulturgunean.

Debegesak antolatzen du eskualdeko ikasleentzako erronka hau, eta garapen agentziako ordezkariez gainera, Elgoibarko Alkate Maialen Gurrutxaga, epaimahaikidea izan den IMHko Iratxe Gonzalez eta Laboral Kutxako ordezkari Leire Askasibarrek ere hartu zuten parte sari banaketa ekitaldian, Laboral Kutxa izan baita sarien babeslea. Niala mago elgoibartarrak gidatu zuen ekitaldia eta zientzia eta teknologiarekin lotutako magia ikuskizunaz gozatzeko aukera izan zuten sari banaketara gerturatu ziren 60 bat ikasleek. Gainera, Hanna Instruments enpresako poltsa bat ere eman zitzaien irabazleei, zientzia eta teknologia arloko materialarekin.

Eskualdeko 7 ikastetxek parte hartu dute ikasturte honetako erronkan, eta 13 esperimentu aurkeztu dituzte. Honakoa da parte hartu duten ikastetxeen zerrenda: Learreta Markina HLHI Mallabia, San Lorenzo HLHI, AMAÑA HLHI, Samiela Eskola, Anaitasuna, Elgoibar Ikastola eta Aldatze.

Antolatzaileek bi irizpide erabili dituzte irabazleak aukeratzeko. Alde batetik, esperimentuak jasotzen zituzten bideoen ikustaldiak zenbatu dituzte honek %25eko pisua dauka, eta, bestetik, epaimahaikideek irizpide jakin batzuk kontuan hartuta esperimentuak puntuatu dituzte, %75eko pisuarekin. Horren guztiaren baturatik atera dira irabazleak, honako hirurak:

LH3-4: Learreta Markina HLHI Mallabia

LH 5-6: Learreta Markina HLHI

DBH 1-4: Aldatze ikastetxea Eibar

Hiru kategoriatan sailkatu dute erronka: LH3-4, LH5-6 eta DBH. Bideoak honako estekan ikus daitezke: STEAM Erronka 2026. Antolatzaileek azaldu bezala, We Make Debabarrena! STEAM erronkaren helburuak hauek dira: ikasleek eta zentroek STEAM bokazioak sustatzeko egiten duten ahalegina erakustea eta STEAM hezkuntzaren garrantzia nabarmentzea. Eskerrak eman dizkiete ekimenean parte hartu duten ikasleei, prozesuan erakutsitako “gogo eta kemenagatik”, epaimahaikideei ere bai, beren lanagatik eta STEAM arloen balioa azpimarratzen laguntzeagatik eta Laboral Kutxari beste urte batatez ekimena babesteagatik, euren laguntza gabe “ezinezkoa izango litzateke”.