Debabarrenak eskualdeko bulego ibiltari bat jarri du martxan birgaitze, alokairu eta eraginkortasun energetikoa bultzatzeko
Debegesak, Debabarreneko udalekin elkarlanean, eskualdeko etxebizitza-bulego ibiltari bat jarriko du martxan otsailean, herritarrei etxebizitzen eta eraikinen birgaitzeari eta alokairurako eta energia-eraginkortasunerako laguntzei buruzko informazioa, orientazioa eta laguntza emateko.
Bulegoak Debegesan (Eibar) dauka egoitza iraunkorra, eta Deba, Elgoibar, Soraluze, Mutriku, Ermuan, Mallabian eta Mendaron eskainiko du arreta. Debabarreneko herritarrentzat zerbitzu hurbilagoa, eskuragarriagoa eta pertsonalizatuagoa eskaintzea da helburua eta hitzordua eskatzea gomendatzen dute arduradunek.
Esther Zarrabeitia Debegesako Hirigintza eta Birgaitze arduradunak azaldu duenez, “ekimen honen helburua da dauden laguntza publikoetarako sarbidea erraztea, alokairurantz bultzatzea eta birgaitze jasangarria sustatzea, etxebizitzen eraginkortasun energetikoa hobetzen lagunduz”. 1998az geroztik, Debegesak, Debabarreneko Birgaitzeko Hirigintza Elkartea den aldetik, hiria birgaitzeko zerbitzu integrala eskaintzen du, herritarrak kontzientziatzeko eraikinak eta etxebizitzak birgaitzeak dakartzan abantailez, eta auzo-komunitateei, jabeei edo inkilinoei eraikinak eta etxebizitzak birgaitzen laguntzeko. “Eskualdean indar handia duen zerbitzua da. 2025ean, esaterako, Debabarreneko 1240 lagunek egin zituzten zaharberritze lanei buruzko kontsultak.”
Eskualdeko bulego ibiltariaren jarduera nagusiak
Zerbitzu berriaren funtzioen artean hauek nabarmentzen dira:
- Herritarrei informazioa, orientazioa eta laguntza ematea etxebizitzak eta eraikinak zaharberritzeko Etxebideren laguntzen eskabideak aurkeztean, bai eta beste laguntza osagarri batzuei buruzko informazioa ere (EEE, udal-laguntzak, besteak beste), auzo-komunitateei nahiz pertsona partikularrei zuzendutakoak.
- Etxebizitza hutsen alokairua bultzatzea, Eusko Jaurlaritzak eta udalek alokairua sustatzeko dituzten programak ezagutaraziz eta zabalduz, bai jabeei, bai balizko errentariei.
- Gizarte-bonu elektrikoari eta termikoari buruzko informazioa eta aholkularitza, bai eta energia-horniduren (elektrizitatea, gasa…) fakturak eta tarifak optimizatzeari buruzkoa ere, energia-gastua murrizteko fakturak errazago uler daitezen.
- Energia berriztagarrien instalazioen eta birgaitze jasangarriko jardueren inguruan informatzea eta sentsibilizatzea, etxebizitza-eredu eraginkorragoa eta jasangarriagoa sustatuz.
Arreta-guneak eta ordutegiak
Otsaila eta martxoa bitartean ipiniko da martxan, aurretiko hitzorduarekin, puntu hauetan:
- Deba: astelehenetan, 12:45etik 15:30era, Udaltzaingoaren egoitza zaharrean (Portu kalea 3). Hileko azken astelehenetan ezik, zerbitzua Mutrikun eskainiko delako.
- Eibar: astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 16:00etara, Debegesan (Azitain Industrialdea 3 BIS).
- Elgoibar: ostegunetan, 8:15etik 12:15era, Herritarren Arretarako Bulegoan (Santa Ana kalea, 2). Hileko azken ostegunetan ezik, zerbitzua Mendaron eskainiko delako.
- Ermua: astearteetan, 8:15etatik 12:15etara, Abiapuntun Komentukua Kalea, 3. Hileko azken astearteetan ezik, zerbitzua Mallabian eskainiko delako.
- Mallabia: hileko azken astearteetan, 8:15etatik 12:15etara (udaletxean).
- Mendaro: hileko azken ostegunetan, 8:15etatik 12:15etara, Herriko Enparantza 10, behea.
- Mutriku: hileko azken astelehenetan, 12:30etik 15:30era (Kondekale 18)
- Soraluzen: asteazkenetan, 8:15etik 16:00etara, Kalebarren 8.
Zerbitzuaren arduradunek aurretiko hitzordua hartzea gomendatzen dute aholkularitza bermatzeko. Eibarren hitzordua eskatzeko 943820110 zenbakira deitu behar dute herritarrek, eta gainerako udalerrietarako 675873853 (Leire Azpiazu) mugikorrera.