Elgoibarren egin da “ETEentzako jardunaldia: berrikuntza lehiakortasunaren funtsezko faktore gisa”
Elgoibarko Makina Erreminta Museoak hartu du gaur “ETEentzako jardunaldia: berrikuntza lehiakortasunaren funtsezko faktore gisa” izeneko topaketaren hirugarren edizioa, Debegesak eta Innobasquek antolatuta. Lehenengo jardunaldia Itziarren egin zen, bigarrena Mallabian, eta arrakasta ikusita, gaur, Elgoibarren egin da. Bertan izan dira: Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkatea,; Gotzon Bernaola, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako Enpresa Berrikuntzako koordinatzaile nagusia; Cristina Zumeta, Berrikuntza, Ekintzailetza eta Enpresako Sailaren arduraduna, Andoni García-Abad, Basque Precision Technology District-BPTD Enpresa Elkarteko kidea eta eskualdeko enpresa ordezkariak.
Ekitaldiaren helburua izan da berrikuntzaren garrantziaz hausnartzea eta ETEei helaraztea beren eskura dituzten zerbitzu, programa eta laguntza guztiak, bai Innobasqueren aldetik, bai Debegesa eta BPTDren eskutik. Halaber, hainbat enpresak —SMARTPM, BRONYMEC eta KALMAN, besteak beste— beren esperientziak partekatu dituzte.






Parte-hartzaileek aukera izan dute eskualdeko berrikuntza ekosistema gertutik ezagutzeko eta erakundeen arteko elkarlan aukerak identifikatzeko. Jardunaldiak networking tartea ere eskaini du, harremanak sortzeko eta sinergiak sendotzeko helburuarekin, eta amaieran, Makina Erreminta Museoa bisitatzeko aukera izan dute parte-hartzaileek.
Ekimen hau funtsezkoa da Debabarreneko enpresa txiki eta ertainen artean berrikuntzaren kultura sustatzeko eta tokiko ekosistema horren sendotasuna erakusteko. Mallabian eta Itziarren egin diren aurreko jardunaldien ildotik, Elgoibarren egindako topaketak berriro ere agerian utzi du berrikuntza dela gaur egungo enpresen garapen eta lehiakortasunaren giltzarrietako bat.