Txertatu Merkatuan proiektuak Euskadin laneratzen eta gizarteratzen laguntzeko aukerak eskainiko dizkie 500 gazte baino gehiagori

2016-05-27 Iruzkinik ez

Txertatu Merkatuan proiektua prestakuntza-maila baxua duten, ikasketak utzi dituzten eta langabezian urtebetetik gora daramaten 16 urtetik gorako eta 30 urtetik beherako gazteei zuzendutako proiektu bat da. Halaber, unibertsitate-ikasketak utzita, lanik gabe dauden eta hezkuntza- edo prestakuntza-sistemetan integratuta ez dauden pertsonei ere zuzentzen zaie programa hau.

Txertatu Merkatuan programak 500 gazte baino gehiagori eskainiko die benetako lan-esperientzietan parte hartzeko aukera bideratutako gizarte- eta lan-aktibazioko ekintza eta programetan parte hartuz. Onuradunen erdia baino gehiago, %52, emakumeak izango dira, kolektibo bereziki kaltebera delako.

Txertatu Merkatuan programa berritzailea da, eta parte-hartzaileen jakintzak, trebetasunak eta hobbiak hartzen ditu oinarritzat haien jakintzak egituratzeko eta lan-profil bat eraikitzeko. Helburua zera da, pertsona bakoitzaren motibazioa lortzea eta autoestimua areagotzea, esku hartzeko erabiltzen diren metodologiak gela tradizionalean erabiltzen direnen bestelakoak izanik.

Txertatu Merkatuan programak parte-hartzaileen profil eta premiei egokitutako ibilbidea proposatzen du eta honako bi fase hauetan garatzen da: Egokitu eta Trebatu.

EGOKITU; eguneroko jakintzetatik abiatuta, lan-profil bat eraikitzea

Egokitu izeneko fasea gizarteratzeko eta lan-aktibaziorako laguntza-prozesuaren hasiera da. Programak gizarte- eta hezkuntza-arloko esku-hartze prozesu bat hasten du, pertsonak egunero egiten dituen jardueren identifikazioaren bidez (esaterako, skateak tuneatzea, lonjaren alokairuak ordaintzea, tresneria Internet bidez saltzea, estetika-lan partikularrak eta abar) lan-profil bat eraikitzea ahalbidetzeko.

Horretarako, metodologia berritzailea erabiliko da. Langabezian dauden eta esperientziarik ez duten pertsonen ezkutuko gaitasunak eta lan-trebetasunak identifikatu eta balioztatu nahi dira, enpresek erabiltzen duten lan-hizkuntzara egokitzeko.

TREBATU; lan-errealitatea ezagutzeko lehen pausoa

Parte-hartzaile bakoitzaren egoera partikularrera eta enplegagarritasun-mailara egokitzen diren hiru ekintza mota eskaintzen ditu Trebatu faseak. Egokitu fasean parte hartzen duten gazte guztiek honako ekintza hauetakoren batean esku hartuko dute:

  • Tailer erdi produktiboak: Oinarrizko gaitasun profesionalak (pertsonalak eta gizarte-, harreman- eta antolaketa-arlokoak) ez dituzten gazteei zuzenduak.
  • Gaitasun teknikoetan prestatzeko tailerrak: Gazteei zuzendutako tailerrak dira prestakuntza prozesuetan sartzeko zailtasunak dituztenak, baina ikasteko prest daudenak.
  • Gizarte-berrikuntzako jardunak garatzeko gaitasun-tailerrak: LH1 amaitu duten edo amaitu gabe utzi duten gazte langabetuei zuzendua. Aurrekoek baino prestakuntza-maila altuagoa dutenak, eta oinarrizko gaitasun profesionak dituztenak.

 

GARAPEN

Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoetan barrena banatutako 31 garapen-agentzia biltzen ditu Garapenek. Garapen osatzen duten agentziek guztira 176 udalerriri ematen diete zerbitzua, 1.839.396 herritar eraginpean hartuta, eta hori Euskadiko biztanleria osoaren % 84 da. Gaur egun, honako jardun-eremu hauetan lan egiten du: enplegua., ekintzailetza, enpresa, merkataritzaren sustapena, turismoaren sustapena eta garapen-bidean dauden edo estrategikoak diren sektoreen sustapena.

Honako hauek dira Garapenekin batera Txertatu Merkatuan programan parte hartzen duten agentziak: Amurrio Bidean, Andoaingo Udala; Bermeo, Mundaka eta Sukarrietako Behargintza; Debagoieneko Mankomunitatea, Debegesa, Durangaldeko Behargintza, Erandioko Behargintza, Gernikako Lanbide Ekimenak Zentroa, Inguralde, Iraurgi Lantzen, Laudio Udala Garapen Agentzia, Lea-Artibaiko garapen-agentzia, Leioako Behargintza, Meatzaldeko Behargintza, Oarsoaldea, Tolosaldea Garatzen, Uggasa, Urduñederra, Urola Kostako Udal Elkartea.