Hazilan egitasmoaren laugarren edizioan izena emateko epea zabaldu du DEBEGESAk

2017-09-15 Iruzkinik ez

Hazilan egitasmoaren laugarren edizioa abiarazi du Debegesa garapen agentziak Debabarrenean. Programa honek eskualdeko gazte kualifikatuen laneratzea du helburu. Hain zuzen ere, egitasmoa Debabarreneko 20 eta 44 urte bitarteko gazte langabeei zuzenduta dago, goi mailako heziketa zikloa edo unibertsitate ikasketak bukatuta dituztenei.

Parte-hartzaileek prestakuntza pertsonalizatua jasoko dute. Lehen fase batean (Aktibatu), euren gaitasun pertsonalak eta profesionalak hobetzeko trebakuntza jasoko dute, lan mundura sartzea erraztuko dieten erreminten bitartez, eta proiektuen kudeaketa arloko ezagutza eta trebezia landuko dute metodologia berritzaileen bidez. Bigarren fase batean (Kokatu), enpresetan praktikak egiteko aukera izango dute. Honela, lan munduko errealitatea gertutik ezagutzeko aukera izango dute. Bi hilabeteko iraupena du programak eta plaza kopurua mugatua da.

Laugarren edizio hau urrian hasiko da martxan eta abendura bitartean luzatuko da. Parte hartzeko interesa dutenek izena eman behar dute irailaren 30a baino lehen, Debegesaren webgunearen bidez. Baldintzak betetzen dituzten hautagai guztien artean, Debegesak aukeraketa prozesu bat egingo du, curriculumak aztertuz eta elkarrizketak eginez.

Debegesak saio informatiboa eskainiko du irailaren 28an, 15:00etan, Debegesaren egoitzan, Hazilan proiektuari buruzko informazioa eman eta zalantzak argitzeko. Halaber, informazio osagarria eskatu ahal izango du edonork 943 82 01 10 telefonoan edo hazilan.eus webgunean.

Debabarrenean burutu diren aurreko hiru edizioetan 42 pertsonak parte hartu dute (27 emakumezko eta 15 gizonezko); horietatik %70ak lana aurkitu zuen programa amaitzerakoan.

Hazilan programa Garapen elkarteak koodinatzen du, Garapen Agentzien Euskal Elkarteak; Euskadiko 2014-2020 Programa Operatiboaren baitan kokatzen da eta Europako Gizarte Funtsak finantzatzen du %50ean.