Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkartea
Nabigazioa
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Harrera bikaina izan dute udan Debabarrenean egingo diren robotika eta bideo-joko tailerrek

Harrera bikaina izan dute udan Debabarrenean egingo diren robotika eta bideo-joko tailerrek

2018/06/20
  • Debabarrena
  • Gazte Robotika
125 gaztek eman dute dagoeneko izena; Deban, Eibarren, Mutrikun eta Soraluzen eskainitako plaza guztiak bete egin dira. Ermuan eta Mallabian izen-ematea zabalik dago oraindik.

8 eta 16 urte bitarteko 125 gaztek eman dute oraingoz izena udan Debabarreneko hainbat herritan egingo diren robotika eta bideo-joko sorkuntza tailerretan parte hartzeko. Bigarren urtez egingo dira udako tailer teknologikoak gure eskualdean.

Deban, Eibarren, Mutrikun eta Soraluzen eskainitako plaza guztiak bete egin dira, hau da, hamabosna plaza Mutrikun eta Deban, 28 plaza Soraluzen eta 38 plaza Eibarren. Ermuan 30 lagunek eman dute izena dagoeneko eta zabalik jarraitzen du izen-emateak (45 plaza eskaintzen dira guztira). Mallabian ere izen-ematea zabalik da. Ermuarrek zein mallabiarrek tailerrei buruzko informazioa eskura dute gazterobotika.eus atarian eta izen-ematea ere bertan egin dezakete. 20 orduko tailerrak dira eta 30 euro ordaindu behar da parte hartzeko.

Debabarreneko Udalen eta Debegesa Garapen Agentziaren ekimenez abiatutako Gazte Robotika egitasmoaren baitan kokatzen dira tailer hauek. Helburua da Debabarreneko gazteen artean bokazio teknikoak sustatzea, ahalegin berezia eginez neskatilen parte-hartzea sustatzeko. Udako tailerretan parte hartzeko izena eman dutenen artean, %16 neskatilak dira.

Udako tailer hauetan talde-lana sustatuz, gaztetxoek teknologiarekin ikasi eta ondo pasatzeko aukera izango dute euren robot eta bideo-joko propioak sortuz eta programatuz. Gainera, tailer hauetan euren proiektuak diseinatu eta garatu ostean, irailaren 22an Ermuko Izarra Centren egingo den Euskadiko Hezkuntza Robotika Txapelketaren 2. edizioan parte hartzeko aukera izango dute, doan.

Gazte Robotika ekimen hezigarri bat da, haur eta gaztetxoen artean zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikarekiko interesa pizteko asmoa duena (STEAM gaitasunak), modu praktiko eta dibertigarri batean. 2017an abian jarri zenetik, 200 gaztetxo baino gehiagok parte hartu dute egitasmoan.

 

*Udako tailerren datak:

  • EIBAR: ekainaren 26tik 29ra
  • SORALUZE: ekainaren 25etik 29ra eta uztailaren 2tik 6ra
  • DEBA: uztailaren 2tik 6ra
  • ERMUA: abuztuaren 27tik 31ra eta irailaren 3tik 6ra
  • MUTRIKU: abuztuaren 27tik 31ra
  • MALLABIA: irailaren 3tik 7ra

 

Informazio gehiago: www.gazterobotika.eus

Harrera bikaina izan dute udan Debabarrenean egingo diren robotika eta bideo-joko tailerrek

Euskadiko I. Hezkuntza Robotika Txapelketa, Eibarren