Felix Etxeberriak ostegunean jasoko du Gure Balioak Saria, Mendaroko San Agustin Kulturgunean egingo den ekitaldian

2017-11-06 Iruzkinik ez

Gure Balioak Sariaren banaketa ekitaldia ostegunean izango da, hilak 9, arratsaldeko 18:30ean, Mendaroko San Agustin Kulturgunean (Garagartza auzoan). Aurtengoan Felix Etxeberria Larrañaga Parapanek (Elgoibar, 1926) jasoko du errekonozimendua “euskararen alde egindako ibilbide luze eta emankorragatik”.  Mendaroko Udalak eta Debegesak antolatuta, ekitaldiak DanobatGroup enpresaren laguntza izango du, beste urte batez.

“Euskaltzale amorratua, ekintzaile saiatua eta langile nekaezina”. Elgoibarko alfabetatze eta euskalduntzearen, Ikastolaren eta Elgoibarko Izarra Kultur Elkartearen sorreran eta garapenean “arima eta motorra” izan da Felix Etxeberria; gainera, Danobat kooperatibaren sorreran ezinbesteko rola izan zuen eta, bertan lanean ari zela, Etxepe lantegia eratu zuen.

Sari banaketa ekitaldia irekia izango da, herritar ororentzat. Felix Etxeberriak iaz errekonozimendu hauxe bera jaso zuen Nerea del Camporen eskutik jasoko du saria, Juan Luis Baroja Collet Debabarreneko artistaren eskultura bat. Aurretik, ekitaldiari hasiera emateko, Maite Maiora mendi korrikalari mendaroarrak hitzaldia eskainiko du kirola eta balioak hizpide hartuta. Musikak ere bere tartea izango du ekitaldian, Juan, Nerea eta Maddi Arriola biolin-jotzaileen eskutik.

Felix Etxeberria izango da Gure Balioak Saria jasoko duen zortzigarren pertsona, 2010. urtean Debegesa garapen agentziaren ekimenez eratu zenetik. Sari honek Debabarrenean gizarte balioen sustapenean nabarmendu den pertsona publikoki aitortzea du helburu.

Aurtengo epaimahaiak erabaki du saria Felix Etxeberriari ematea, “bere ekimen eta izaera ekintzaileagatik, bai eta bizitza eta ibilbide profesionalean xede hartu dituen helburuak lortze aldera hainbeste lagunen lankidetza eta talentua erakartzeko, motibatzeko eta inplikatzeko gaitasuna erakusteagatik ere, beti euskara eta euskal kultura ardatz izanik”.

Epaimahaiak Felix Etxeberriaren figura azpimarratu du “euskalgintzaren eta herrigintzaren erreferente gisa”, ez soilik Elgoibarren edota Debabarrenean, baita eskualdetik kanpo ere, “etengabeko konpromisoa eta ahalegina eta erabateko dedikazioa erakutsiz, beti ere musutruk eta eskuzabaltasunez jokatuz”.

Azkenik, epaimahaiak aintzat hartu du “zintzotasunez, gogo handiz, ausardiaz, modu sortzailean eta ekimen berriei ekiteko ilusioz arlo ezberdinetan egindako lan emankorra, gizarte kontzientzia nabarmena erakutsiz kooperatibismoaren aintzindaritzan, lan munduan euskararen erabilera bultzatuz edota memoria historikoaren berreskuratzean”.