Ezagutu Debabarreneko Lanbide Heziketa eskaintza eskualdeko enpresetan lanean dauden ikasle ohien eskutik

2021-03-24 Iruzkinik ez

Bi urtetik behin Debabarreneko Lanbide Heziketako ikastetxeek, Debegesarekin elkarlanean, ABIAN Lanbide Heziketa Azoka antolatzen dugu. Aurtengo egoera berezia dela eta, atzeratzea erabaki da, eta azokaren ordez eskualdeko ikastetxe, gazte eta familiei lanbide heziketako ikasketen aukerak gertutik azaldu ahal izateko hainbat ekintza antolatu ditugu.

Martxoa, apirila eta maiatza bitartean lanbide heziketa ikasi duten eta egun Debabarreneko enpresetan lanean diharduten ikasleren bideo laburrak zabalduko ditugu; gazte eta gurasoek ezagutu ditzaten lanbide heziketa ikasi ondoren zein lan erakargarri, interesgarri, eta baliodunak garatzen dituzten. Bideoen zabalkundea sare sozialetan eta prestatu dugun atal honetan ikusgai egongo dira.

Martxoa eta maiatza artean ere lanbide heziketako ikastetxeen Ate Irekien informazio saioak egingo dituzte, gazteek, familiek eta ikastetxeek eskaintza zabala bertatik bertara ezagutu ahal izateko. Horretaz gain, eskualdeko bigarren hezkuntzako eta batxilergoko ikastetxeetako orientatzaileekin bildu ginen pasadan astean zortzi ikastetxe eta Debegesako ordezkariak, eskualdeko lanbide heziketari buruzko xehetasun guztiak ezagutzera emateko eta beraien zalantzak argitzeko.

Debabarrenean 37 ziklo ikasteko aukera dago

Debabarreneko lanbide heziketa erabateko formakuntza praktikoa da, metodologia berritzaileak aplikatzen ditu, Europan erreferenteak direnak, eta eredu dualean ikasteko aukera ematen du. Lanbide heziketa ikasi ondoren ateak irekitzen ditu, bai lan mundura, baita unibertsitatera ere.

Debabarreneko Lanbide Heziketako zortzi ikastetxeek guztira 37 heziketa ziklo ezberdin ikasteko aukera zabala eskaintzen dugu, oinarrizko, erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetan: Armeria Eskola, Elgoibarko IMH, Meka Lanbide Eskola, Kardala Akuakultura Eskola, Mutrikuko Institutua, Uni Eibar-Ermua, Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketarako Udal Institutua eta Ermua-Mallabiako Oinarrizko Lanbide Heziketarako Udal Institutua.  Debabarrenean ikas daitezekeen Unibertsitate ikasketak  dira Elgoibarko IMHn Prozesu eta Produktu Berrikuntzan Ingeniaritza Gradua, eta Eibarko Energia Berriztagarrien Ingeniaritza Gradua, gradu biak UPV/EHUko tituluak izanik.

Bestalde, arreta berezia eman nahi izan diogu Debabarrenak duen izaera industrialari, sektorearekin lotutako lanbideen beharrei, eta ikasketa-enplegu industrialetan neska-emakumeen parte hartze aktiboa sustatzeko beharrari.

Izan ere, Debabarreneko balio erantsi gordina sektoreka %47,49 industria, %44,4 zerbitzuak, %6,5 eraikuntza eta %1,29 nekazaritza da (informazio iturria Eustat 2020). Industria sektorea eskualdearen motorra da eta honen garapen indartsuak ekosistema aberatsa sortzen du, hainbat zerbitzuz osatuta. Garrantzitsua da eskualdeko herritarren kontzientzian zer nolako gizartea dugun irudikatzea, bertan lan eta bizitzeko ze enplegu aukerak izan ditzakegun ulertzeko.