Eskolako Agenda 21 programako bilera teknikoa egin dute gaur Debako ikasleek

2018-02-15 Iruzkinik ez

Eskolako Agenda 21 egitasmoaren baitan, gaur, hilak 15, Debako ikasleek bilera teknikoa egin dute Udaletxean, aurtengo ikasturtean lantzen ari diren gaiaren inguruan: ura eta Deba ibaia.

Bileran parte hartu dute Luzaro ikastetxeko 4., 5. eta 6. mailako bederatzi ikaslek, gainerako ikasleen ordezkari gisa, euren koordinatzaileak lagunduta, eta Udaleko Ingurumen teknikariak, Gipuzkoako Ur Kontsortzioko 2 teknikarik eta Debegesa Garapen Agentziako teknikari batek. Debegesa da, hain zuzen ere, 2002. urtetik hona, Eskolako Agenda 21 egitasmoaren koordinatzailea Debabarreneko eskualdean.

Bileran, ikasleek gaia lantzerako orduan sortu zaizkien galderak egiteko eta zalantzak argitzeko aukera izan dute, baita Udalak gai honen inguruan aurrera eraman dituen estrategia eta jarduerak ezagutzeko ere. Bileran landutakoa lagungarri izango zaie ikasleei ekaineko Udalbatzarrean aurkeztuko duten dokumentua prestatzeko, egindako lanaren emaitza eta ikasleen ekarpenak jasotzen dituena.

 

Eskolako Agenda 21 Debabarrenean

16 urte daramatza Debegesak, Debabarreneko Garapen Agentziak, eskualdean Eskolako Agenda 21 egitasmoa sustatzen eta koordinatzen. Eskola-komunitateari zuzendutako garapen jasangarrirako heziketa programa bat da Eskolako Agenda 21. Egitasmoak hiru helburu ditu:

  • Ikastetxeak ingurumen eta gizarte jardunbide egokien eredu bihurtzea.
  • Ingurumen eta gizarte-arazoak identifikatzeko eta horiei konponbidea emateko gai diren ikasleak heztea.
  • Partaidetza  eta  ingurumenarekiko errespetua sustatzen duen hezkuntza bermatzea.

Guztira, 27 ikastetxe eta 8.000 ikasle baino gehiago ari dira parte hartzen Debabarrenean Eskolako Agenda 21 programan. Programaren baitan, hezkuntza komunitate osoari zuzendutako ekintzak antolatzen dira, ikasle, irakasle eta familiei.