Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkartea
Nabigazioa
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Eibarren ekintzailetza sustatzeko HELDU! Izeneko programa jarri du martxan Eibarko Udalak eta Debegesak

Eibarren ekintzailetza sustatzeko HELDU! Izeneko programa jarri du martxan Eibarko Udalak eta Debegesak

2022/06/21
Garatutako ekimen berritzaile honen helburua da Eibarren enpresa-jarduera berriak sortzea, eskualdeko ehun ekonomikoa eta haren lurralde-lehiakortasuna indartzeko helburuz

Eibarko Udalaren Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailak, Debegesa eskualde-garapenerako agentziarekin lankidetzan, ekintzailetza-programa berritzaile bat jarriko du abian, HELDU! izenekoa, Eibarren izaera berritzailea duten ideia edota negozio-lerro berriak probatzeko eta baliozkotzeko diseinatua.

Besteak beste, Azitaingo industrialdean urte hasieran martxan jarri zen haztegia dinamizatzea du xede 3 hilabeteko iraupena izango duen ekimen honek. Haztegiak —proiektu berritzaileetarako pentsatua— HELDU!  programaren parte-hartzaileei beren ideia garatzeko beharrezkoak diren baliabideak eskainiko dizkie, bai eta ideia berritzaileko komunitate ekintzaile bat sortzeko tokia ere.

Jon Iraola alkateak eta Ana Telleria Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotziak gaur aurkeztu dute programa prentsaurrekoan, eta ekimenaren ezaugarriak, helburuak eta parte hartzeko modua zehaztu dituzte.

Jon Iraola alkateak azaldu duenez, “HELDU! programa Eibarren enpresa-jarduera berriak sortzeko helburuarekin jaio da, herriko eta eskualdeko ehun ekonomikoa eta lurraldeko lehiakortasuna  gero eta konplexuagoa eta globalagoa den merkatu batean indartzen laguntzeko. Horregatik, gure helburua da ideia edo proiektu bat duten pertsonei behar dituzten tresnak eskura jartzea ideia horiek gauzatu eta ekintzailetzarako pausoa emateko."

Eibarko Udalak eta Debegesak hainbat jarduera-ildo lehenetsi dituzte eskualdearen benetako beharrei erantzuten saiatzeko, kontuan izanik bai egungo ekoizpen- eta ekonomia-ehunaren ezaugarriak, bai hemengo zein mundu mailako etorkizuneko erronkak.

Hauek dira zehaztu diren lehentasunezko arloak: doitasun-ingeniaritza, industriari lotutako zerbitzuak, 4.0 industria, klima-aldaketa eta energia jasangarria, kirolari aplikatutako teknologiak, eta berritzailetzat jotzen den eta Eibarren gara daitekeen beste edozein ideia. 

Programa honetaz baliatu ahal izango diren ideiak zehazteko, izena emateko prozesu bat irekiko da pertsona interesdunen artean, eta prozesu horren bidez aukeratuko dira garapen-potentzialtasun handiena duten proiektuak. Hautatutako pertsonek edo taldeek ekintzailetza sustatzeko puntako programa batean parte hartuko dute, eta profesional eta tresna onenak izango dituzte beren ideia aztertzeko eta garatzeko.

Horrela, interesa dutenek gaurtik aurrera eman ahalko dute izena HELDU! programan, webgunean eskura izango duten formularioa beteta https://heldueibar.debegesa.eus/ Irailaren 11rako, ekintzailetza sustatzeko puntako programa honetan parte hartuko duten pertsonak eta taldeak aukeratuko dira. Programan profesional eta tresna onenak eskainiko zaizkie beren ideiak aztertzeko eta garatzeko. 

Laguntza-prozesua abenduaren erdialdera arte luzatuko da eta Debegesako pertsonal teknikoak koordinatuko du. Parte-hartzaileek formazio espezializatua jasoko dute (32 ordu), adituen aholkularitza (80 ordu) eta tutoretza pertsonalizatua (20 ordu).  Aholkulari-taldea bai ezagutza-arloan, bai enpresa-proiektu berriak abian jartzeko laguntzan esperientzia handia duten pertsonek eta aholkulariek osatuko dute. 

Ana Telleria Garapen Ekonomikoko zinegotziaren hitzetan, berariaz diseinatu dagoen HELDU!-k programa guztiz praktikoa eskaintzen du, hasierako fasean (pre-seed) dauden eta aztertu ondoren martxan jartzeko laguntza behar duten proiektuetarako.

Hala, saioetan, parte-hartzaileen negozio-ideiak baliozkotzeko eta garatzeko beharrezkoak diren gai guztiak landuko dira; negozio-ideia definitzetik hasi eta enpresa-proiektuaren zabalkunderaino, abian jartzeko behar diren gai guztietatik igaroz:  prototipatua eta baliozkotzea; estrategia; plan finantzarioa eta finantzaziokoa; marketin-eta salmenta-plana; taldeak eta pertsonak; eta lege-alderdiak."

Jarduera horiek guztiak Azitaingo industrialdeko haztegi berriko coworking-gunean egingo dira. Bertan, HELDU! programan landuko diren ideiak garatzeko laguntzaz eta haztegiaren inguruan sortuko den sareaz gain, programak Eibarko eta Debabarreneko ekosistema ekintzailerako sarbidea emango du, zeina enpresa sare zabal batez, punta-puntako zentro teknologikoz eta ikerketa-zentroz osatua baitago.

Eibarren ekintzailetza sustatzeko HELDU! Izeneko programa jarri du martxan Eibarko Udalak eta Debegesak