DEBEGESAk zahartzearen inguruan egon daitezkeen negozio aukeren sorrera sustatuko du

2019-02-01 Iruzkinik ez

Debegesa Garapen Agentziak “Debabarrena eraldatzen: negozio aukerak zahartzearen arloan” egitasmo berria jarri du martxan, biztanleriaren zahartzearen erronkari heldu eta jarduera ekonomikoa sustatzeko eta herritarren bizi-kalitatea hobetzeko aukera gisa ekiteko asmoz. Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako departamentuak diruz lagundu du eta Adinberri zahartze osasuntsurako foru estrategiarekin bat dator.

 Proiektuak, lehen fase batean, lankidetza sare bat osatzea du helburu; sarearen eginkizuna litzateke garapen ekonomikorako aukerak identifikatzea gizarte-laguntzarako eta industria- eta teknologia- garapenerako jarduerekin loturikoak, zahartze, osasun zein ongizate arloetan.

Sarea askotariko eragileek osatuko dute, hala nola, enpresek (industria, IKTen sektorea…), inplikaturiko eragileak (Udalak, zaharren egoitzak, eguneko zentroak, etxez-etxeko laguntza zerbitzuak…), osasunarekin loturiko erakundeak (Debabarrena ESI), Lanbide Heziketako ikastetxeak, teknologia-zentroak… Denak ere biztanleriaren zahartzeak eragingo dituen behar eta aukeren garapenarekin lotura dutenak.

Proiektua abian da dagoeneko. Joan den urtarrilaren 22an Debegesak Debabarrenean zahartzearen esparruan lan egiten duten hogei bat eragile elkartu zituen, horien artean, zaharren egoitza eta eguneko zentroetan lan egiten duten profesionalak, hezkuntza arloan zein arlo psikosozialean dihardutenak, eta Adinberri estrategiaren ordezkariak. Zahartze aktibo eta osasuntsuaren inguruan Debabarrenean proiektu zehatzak bultzatzea ahalbidetuko duten behar eta aukerak identifikatzea izan zen bileraren helburua.

Zentzu honetan, Debabarreneko Udalekin eta Debabarrena ESIrekin ere bilerak egin dira.

Juan Angel Balbas Debegesako zuzendari nagusiaren hitzetan, “Silver Economy edo zilarrezko ekonomiak eskualdeko enpresa-sarearentzat dibertsifikaziorako aukerak eskaintzen ditu. Honela, ekimen honekin zahartzearen erronkari ekin nahi diogu, batetik, pertsonen bizi-kalitatea hobetuko duten eta, bestetik, enplegua sortuko duten aukera berriak identifikatuz”.

 Proiektu honen bidez, eta eskualdeko sektore industrialaren balio-katean oinarrituta, zahartzearen esparruan merkatu-hobiak identifikatuko dira, Debabarrenean enpresa jardueraren garapena ahalbidetuko dutenak, produktu edota zerbitzuak hobetuz edo berriak sortuz.