Debabarrenean HAZILAN programaren hirugarren edizioan izena emateko epea zabaldu du DEBEGESAk

2017-03-03 Iruzkinik ez

Debegesa garapen agentziak HAZILAN programaren hirugarren deialdia zabaldu du Debabarrenean. Ekimen honek laneratzeko bidea hobetzeko ekintzen ibilbide osatu bat eskaintzen die goi mailako ikasketak dituzten (unibertsitate titulua edo goi mailako prestakuntza zikloa) eta lana aurkitu ezinik dabiltzan pertsonei.

Berrikuntza modura, adin tartea zabaldu egin da eta 25-44 urte arteko pertsonek eman ahalko dute izena ekimenean (aurreko bi edizioetan 35 urte artekoa zen). Era honetara, profil profesional kualifikatua izan arren, ikasketa horiekin lotutako lan-esperientziarik ez duten 35 urtetik gorako pertsonei programan parte hartzeko aukera eskaini nahi zaie.

Hirugarren edizio hau apirilean hasiko da martxan Debabarrenean. Interesdunek martxoaren 31ra arteko epea dute izena emateko (HEMEN). Debabarreneko herritarrek lehentasuna izango dute.

Bete beharrezko baldintzak betetzen dituzten hautagai guztien artean Debegesak aukeraketa prozesu bat egingo du, curriculumak aztertuz eta elkarrizketak eginez. Hautatuek prestakuntza pertsonalizatua jasoko dute. Lehen fase batean (Aktibatu), euren gaitasun pertsonalak eta profesionalak hobetzeko trebakuntza jasoko dute, lan mundura sartzea erraztuko dieten erreminten bitartez, eta, proiektuen kudeaketa arloko ezagutza eta trebezia landuko dute metodologia berritzaileen bidez. Bigarren fase batean (Kokatu), enpresetan praktikak egiteko aukera izango dute. Honela, lan munduko errealitatea gertutik ezagutzeko aukera izango dute. Bi hilabeteko iraupena du programak, eta plaza kopurua mugatua da.

Aurreko bi edizioetan, oro har, 26 lagunek hartu dute parte. Horietatik guztietatik, 18 lanean ari dira; eta beste 1 praktikak egiten ari da enpresa batean.

Hazilan proiektua Garapen elkarteak koodinatzen du (Garapen Agentzien Euskal Elkarteak). Euskadiko Programa Operatiboaren baitan kokatzen da eta Europako Gizarte Funtsak finantzatzen du %50ean.