Antonio Cancelok ostegunean jasoko du Gure Balioak Saria, Eibarko Coliseo Antzokian egingo den ekitaldian

2015-11-10 Iruzkinik ez

Antonio Cancelok, Eroskiren sortzaile eta Mondragon Taldeko presidente ohiak, ostegun honetan jasoko du Gure Balioak Saria Eibarko Coliseo Antzokian, 18:30ean hasiko den ekitaldian. Debegesa Garapen Agentziak antolatu du ekitaldia Eibarko Udalaren laguntzarekin.

Sari banaketa ekitaldian izango dira, besteak beste, Eibarko alkatea, Miguel de los Toyos; Debegesako zuzendaria, Juan Angel Balbas; Eroskiko Kontseilu Errektoreko presidentea, Leire Mugerza; eta sariduna bera, Antonio Cancelo.

Antonio Cancelok iaz errekonozimendu hauxe bera jaso zuen Sabin Osororen eskutik jasoko du saria, Juan Luis Baroja Collet Debabarreneko artistaren eskultura.

Sari banaketa ekitaldia herritar guztiei irekia izango da. Garbiñe Biurrun epaileak emango dio hasiera ekitaldiari, balioen inguruko hitzaldi batekin, eta Eibarko Koro Gaztea abesbatzak girotuko du ekitaldia. Elena Martin zuzendariaren gidaritzapean, taldeak bi abesti eskainiko ditu, Mikel Laboaren “Txoria txori” eta “Proud Mary”. 

Antonio Cancelo Gure Balioak Saria jasoko duen seigarren persona izango da 2010. urtean Debegesa garapen agentziaren ekimenez eratu zenetik. Sariak Debabarrenean gizarte balioen sustapenean nabarmendu den pertsona aitortzea du helburu. Debabarreneko bereizgarri eta azpimarragarri diren balioak eta Gure Balioak egitasmoak sustatu nahi dituenak dira ekintzailetza, lankidetza, errespetua eta integritatea.

Epaimahaiak, enpresa, hekuntza, kultura eta arlo sozialean diharduten Debabarrena eskualdeko 9 lagunek osatua, Canceloren “lan ibilbide zabal eta bikaina” nabarmendu du, “sustrai sakonak dituzten balioen erakusgarri, horien artean bere gaitasun ekintzailea, pertsonengan jarritako konfiantza eta gizarte solidario eta bidezko baten aldeko konpromisoa” nabarmenduz.

Epaimahaiak aintzat hartu du “Canceloren ekarpen baliotsua garapen ekonomiko eta sozialaren alde, enplegua sortuz eta ingurunearen hobekuntza eta guztien ongizatea bilatuz”.  Baina, batez ere, “beste enpresa eredu baten adierazgarri izan izana” aitortu dio epaimahaiak Cancelori, “mozkinak, merkatua, eraginkortasuna eta antolamendu egokia ez daudela lehian elkartasunarekin eta ardurak partekatzearekin, eta lankidetza, zintzotasuna, apaltasuna, esfortzua eta nekaezintasuna ez daudela lehian errentagarritasun ekonomikoarekin eta, batez ere, sozialarekin”. 

Epaimahaiak Canceloren lan ibilbide “sendoa eta koherentea” hartu du kontuan. 1969an, euskal enpresa handienetako baten sorreran parte hartu zuen, Eroski. Bertako zuzendari izan zen 1990. urtera arte. Urte berean, Eroski Taldeko presidente izendatu zuten. 1992an, Mondragon Taldeko Banaketa eta Elikadura Dibisioko presidenteorde izan zen eta 1995ean MCC Taldeko Kontseilu Orokorreko presidente izendatu zuten.