Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkartea
Nabigazioa
Hemen zaude: Hasiera Hiritarrak Gure Balioak GURE BALIOAK 2018: Julen Zabaleta Barrenetxea

GURE BALIOAK 2018: Julen Zabaleta Barrenetxea

 

Julen Zabaleta Barrenetxea (Elgoibar, 1921)

Julen Zabaleta _ Gure Balioak 2018Sortzez elgoibartarra, Julen Zabaleta Barrenetxea Eibarren bizi da duela 60 urte baino gehiagotik. Ume-umetatik izan du marrazketarako zaletasun handia eta hasieratik erakutsi zuen talentu berezia horretarako. Sei urterekin aitak bere lehenengo arkatza oparitu zion eta ordutik egun bakar batean ere ez dio marrazteari utzi. 97 urte ditu eta luma-muturrez marrazten jarraitzen du maisuki eta trazu sendoz.

Makina-erramintaren arloko hainbat enpresatan lan egindakoa da, delineatzaile eta proiektugile gisa, makinen marrazkiak eta argibide-liburuetarako makinen funtzionamendua azaltzen zuten krokisak egiten. 15 urte zituela hasi zen lanean, Elgoibarko forjetan lehenengo eta ondoren Ciaran, Jarbe, Goiti eta Danobaten. Azken honetan hartu zuen erretiroa 1986an.

Bere trebeziari eta konstantziari esker 7.000 marrazki inguru egin ditu luma-muturrez Debabarreneko herrietako eta Euskal Herriko eraikin eta alderdi esanguratsuenak jasoz. Gipuzkoako ermita guztiak eta Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako gehientsuenak marraztu ditu, baita eliza, eraikin publiko, baserri, dorretxe, lantegi, garai bateko ogibide eta tradizioak, etabar. Irudi horiek guztiak ondo gordeta dauzka etxean, ederki sailkatuta.

Nabarmena da, halaber, liburu ilustratzaile gisa egin duen ibilbidea, 1965etik hona. Asko eta asko dira bere marrazkiak jaso dituzten argitalpenak, besteak beste, Pan-pin Zeruko Argia aldizkariak 1960-1969 urte bitartean argitaratu zuen komiki-aldizkaria, Eibar, Tintaz eta lumaz (2010), Goierri Marrazkitan (2013), Amaia: VIII. Mendeko euskaldunen istorioak (2006), Elgoibar, iragana eta oraina (2008), edota bere lagun Carmelo Urdangarin ikerlariak (Gure Balioak Saria 2013) argitaratutako Oficios Tradicionales bildumako liburuak.

Julen Zabaletak errealismo eta xehetasun handiz egiten ditu marrazkiak. Bere marrazkiek Debabarreneko eta Euskal Herriko aberastasun historiko eta arkitektoniko oparoa jasotzen dute.