Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkartea
Nabigazioa
Hemen zaude: Hasiera Hiritarrak Gure Balioak GURE BALIOAK 2013: Carmelo Urdangarin Altuna

GURE BALIOAK 2013: Carmelo Urdangarin Altuna

Gure Balioak Sariaren IV. edizioan, Carmelo Urdangarin Altuna debarrak jaso du errekonozimendua, gizarte-balioen alorrean egindako ibilbideagatik, bereziki, enpresa, kultura zein gizarte esparruan gaztetatik erakutsitako lankidetzarako gaitasuna nabarmenduz eta goraipatuz.

 

Epaimahaiak Carmelo Urdangarinen lankidetzarako gaitasuna azpimarratu du, “beti agertu da elkarlanerako prest, beste erakunde edo pertsonekin lankidetzan aritzeko gertu, bere onena emateko gogoz beti”.

Saria ematerako orduan, epaimahaiak kontuan izan ditu beste hainbat ezaugarri: gizarte arloko inplikazio maila altua, bere ezagutza eta esperientziak zabaltzeko eta partekatzeko interes amaigabea eta bere ibilbidean zehar erakutsi duen enpresa-konpromisoa.

Ikusi argazki galeria

 

Bideoa CARMELO URDANGARIN

 

CARMELO URDANGARIN ALTUNA

Carmelo UrdangarinEkonomilaria eta kultur arloko pertsona ezaguna. Carmelo Urdangarin Altuna Deban jaio zen, 1932. urtean. Gaztetatik izan du Debabarreneko kulturarekin eta gizarte mugimenduarekin harreman estua.

Peritu eta merkataritza-irakasletza ikasketak burutu zituen eta Orbea enpresan hasi zen lanean, kronometradore. 1971an, enpresa desagertzear zela, itxiera hori ekiditeko egin zuen lan adoretsu eta bizia erabakigarria izan zen Orbea Kooperatiba izatera pasa zedin. Enpresa-estrategia diseinatu zuen lehendabiziko urte haietarako eta gaur egun denaren oinarriak ezarri zituen. Orbeako zuzendari izendatu zuten eta karguari eutsi zion Caja Laboral Popular-eko enpresa-atalera pasa zen arte. Han ere zuzendaritza-kargua izan zuen.

Urte haietan, beste hainbat lagunekin batera, Deban enpresa industrial bat ezartzeko lanean hasi zen Urdangarin. Lan baldintzak hobetzea zen horretarako arrazoietako bat. Hain zuzen ere, enpresa zuzenago bat eratu nahi zuten, kolaboratiboa, lan kualifikatua eskainiz. Honela, 1962. urtean Acme-Deva enpresa eratu zuten 18 bazkide fundatzaileren artean, kooperatiba ereduaren aldeko apustua eginez. 1969an, Danobat, Eguzki eta Acme-Deva fusionatu egin ziren, Danobat S. Coop. eratuz. Urdangarin enpresa honetako Batzar Nagusiko kide izan zen eta bertan egin zuen lan 1997an jubilatu zen arte.

Jubilatuta egon arren, aktibo jarraitzen du. Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako hainbat graduondoko ikastarotan parte hartu izan du, bereziki, Nazioarteko Kudeaketari buruzko ikastaroetan.

Komunikabideetan ere parte hartzen du maiz, irratian zein prentsa idatzian. El Correo egunkariko ohiko kolaboratzailea izan da, eta beste hainbat aldizkaritan ere idatzi du, besteak beste: “Empresa XXI” eta “TU Lankide”, 5.000 artikulu baino gehiagorekin.

Beste maila batean, kostalde nuklearraren aurkako borrokan ere parte hartu zuen Urdangarinek. 1973an, Gipuzkoako Boletin Ofizialean Mendatan (Deba) zentral nuklear bat eraikitzeko proiektua argitaratu zutenean, zentral honen aurkako herri-batzordean ibili zen lanean, han eta hemen hitzaldi ugari emanez, 100 baino gehiago. Nuklearraren aurkako mugimendu garrantzitsua abian jartzea lortu zuten eta proiektua geldiarazi.

Bestalde, Deban hezkuntza zein kulturaren alde lan handia egindako Ostolaza Fondoko kide izandakoa da. Gipuzkoako eskolak euskalduntzeko lan egin zuen eta Ostolaza ikastetxea izan zen, hain zuzen, euskaraz irakasten lehendabizikoa Gipuzkoan.

Euskal Herriko kultura arloarekin harreman estua izan du beti. Aranzadi Zientzia Elkarteko eta Eusko Ikaskuntzako kidea da. Baina bereziki aipagarria da antzinako ofizioen arloan egindako lan emankorra. Horren erakusle, artisauen artean egindako 400 elkarrizketa baino gehiago. Lan honen guztiaren zati batek argia ikusi du eta gaiarekin lotutako hainbat argitalpen publikatu ditu, 20 liburu baino gehiago. Gipuzkoako Foru Aldundiaren errekonozimendua jaso du horregatik.

Ikerketa etnografiko hau jorratzeko, azken urte hauetan Jose Mari Izaga Reiner eta Koldo Lizarralde Elberdinekin dihardu elkarlanean.

[BIDEOA]