Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkartea
Nabigazioa
Hemen zaude: Hasiera Ekintzaileak ARKIGREEN

ARKIGREEN

Iñigo Retegui, Nagore Fernandez eta Jon Beneitez.

Arkigreen

Nola sortu zen ARKIGREEN? 

Oso txikitatik ezagutzen dugunez elkar ezin esan ideia betidanik eduki dugunik, baina hazi eta ikastolan gustuko gaiak aukeratu ahala, eta baita gero ere ikasiko genuen karrera erabakitzerakoan, tontakeriarekin hasi ginen: "Zer moduz, futuro socio?" Beraz, burutapena hor zegoen... baina hori bai, ziurrenik ez genuen espero horren azkar gertatzea! Iaz, gure sektoreari krisiak eragin dizkion kalte izugarriei buruz ari ginela eta bakoitzaren esperientzia eta egoera aztertuta, elkarrekin zerbait aurrera ateratzea interesgarria izan zitekeela ikusi genuen. Afari bat egitekotan geratu eta burua dantzan jartzeari ekin genion, eta horrela sortu zer ARKIGREEN.


Zer da ARKIGREEN? Non aurki dezakegu informazio gehiago?

ARKIGREEN arkitektura estudio bat da, baina gaur egunerako sortutako estudioa; hau da, orain arte bezala etengabe eraikitzen ibili beharrean, dagoeneko gure herri eta hirietan dauden eraikuntzak hobetu nahi dituena: etxebizitzak, lantegiak, egunerokotasunez erabiltzen ditugun espazio horiek guztiak. Eta horretarako, guztiona den ingurugiroa ere zaindu behar dugula argi ikusten dugunez, bezeroei dauden aukera desberdinak erakusten dizkiegu, inbertsio apur batekin energia eta diru asko aurreztu dezaketela azalduz. Gure web orrian, arkigreen.es, azaltzen dugu nortzuk garen eta zeintzuk diren eskaintzen ditugun zerbitzuak. Facebook eta Twitter ere erabiltzen ditugu, eta nola ez, edozein duda argitzeko edo informazio gehiago nahi izanez gero, emaila eta telefonoa!

Zein izan da zuen ibilbidea orain arte?

Urtebete inguru bakarrik daramagu elkarrekin, eta ibilbide nahiko polita izan dela uste dugu. Lan txikiekin hasi ginen, gogo handiz, gure izena ezagutzera eman eta gauza berriak gureganatu nahian: ikasketa berri eta proiektu desberdinetan murgildu, gure burua aurkeztu eta txartelak banatu, ekintzaileen topaketetan parte hartu... Aberasgarriak iruditzen zaizkigun gauzetan muturra sartzen saiatu gara. Eta esan bezala, pozgarria izan da. Jendeak gugan konfidantza jarri du, lan gehiago eskaini dizkigute, II. On Ekin saria jaso dugu, Madrilen izan gara Udalarekin...


Nola sortu zen zuen ekintzaile arima? Hazi zareten inguruan edo familian ekintzaile gehiago daude?

Familian eredu bat baino gehiago topatuko genuke bila jarriz gero, noski, baina "ekintzaile arima" familiaz gain egoerak berak eman digulakoan gaude: gazteak gara eta lan egiteko gogoz gaude. Tokatu zaigun egoera ekonomiko-soziala ez da karrera ikasten hasi ginenean zegoena modukoa, ez du zerikusirik. Ez genuen kolpea espero, baina hau jaso eta eroritakoan, berriz ere tente jartzea besterik ez dago.  Apustua egin eta aurrera jarraitzeko egin beharko dugun lanerako, etorkizunean baino indartsuago gaude orain, ziurrenik. Beraz... zergatik ez? Noiz orain baino hobe?


Zeintzuk izan dira orain arte bizi izandako momentu zailenak eta pozgarrienak?

Ekintzailearen bidean oztopoak ugari dira. Hasteko, gure kasuan behintzat, gogo handia eta diru-poltsa txikia. Jarraitzeko, eginbehar asko eta gehienei buruz ezjakintasun itzela, horrek suposatzen duen frustrazioarekin... Izan ere, negozioa zurea bada eta ez baduzu arlo bakoitzeko aditu bat kontratatzeko dirurik, zuk kudeatu beharko dituzu gai ezezagun horiek denak! Eta horregatik batzuetan, egun edo aste gogor bati aurre egitean, zaila da umore ona mantentzea lagunekin lan egin arren. Hala ere, onartu beharra dago momentu ederrak ere bizi daitezkeela. Askotan, erabaki gogor bat desafio bezala ikusteko gai bagara, etekin galanta atera diezaiokegu. Momentu zehatzen bat aukeratu beharko bagenu, ziurrenik, Ekingunekoek antolatzen duten On Ekin saria irabazi genuenekoa izango litzateke. Saria jasotzeaz gainera, jende ugari eta proiektu berriak ezagutzeko aukera eman zigun, ederki asko afaldu genuen, txaloak jaso genituen gure aurkezpenagatik eta hurrengo asteetan etengabe zoriondu gintuzten kalean komunikabideetan agertu izanari esker... oso pozgarria beraz!

Bestalde, azkenaldian ere irrika sortzen duen desafio horietako bat ari gara bizitzen. Hilabeteetan etxean edo liburutegian lan egin eta gero, gure estudio propioa martxan jartzeko ordua iritsi zaigu. Erabaki garrantzitsua da guretzat eta badakigu lan dezente edukiko dugula lokala atontzen, baina aldi berean ilusio izugarria egiten digun aurrerapausoa da!


Zuentzat, ekiten hasteko zein ezaugarri izan behar ditu ekintzaile batek?

Lehen gauza, ideia indartsu bat. Eta ideia hori aurrera ateratzeko indarra ere handia izan dadila. Horretarako gogor lan egin eta ordu asko inbertitzeko prest egon behar da eta inguruan gertatzen denari adi egon, ahal den heinean. Laguntza eskatzeko beldurra eta gauzak galdetzeko lotsa zakarrontzira bota behar dira, eta noizean behin buruari amets egiten utzi behar zaio, beti ere lurretik gehiegi urrundu gabe, noski. Ausardia ere askotan jarri beharko du praktikan... bai aurrera egiteko, eta baita atzerapausoak onartu eta haietatik ikasteko ere. Niels Bohr fisikari daniarrak esan zuen legez, "Hacer predicciones es muy difícil, especialmente cuando se trata del futuro", beraz ezin ziur jakin zein negozio joango den ondo eta zein ez. Eta horregatik, etorkizunera begira ekintzaile batek egin dezakeen gauzarik onena, kementsu lan egitea da.


Ibilbide honetan, zertan lagundu dizue Debegesak? Zer izan da zuentzat baliogarriena?

Ideiari sinesgarritasuna ematen lagundu digu Debegesak, batez ere. Hasiera batean bideragarritasun plana prestatzen lagundu zigun, marketing-a nola egingo genuen pentsatzen, fakturatzeko eta deklarazioak egiteko behar diren lehen lau gauzei buruz informazioa emanez... Horrez gainera, beste ekintzaile batzuekin harremanetan jartzeko aukera ematen duten topaketen berri ematen digute oraindik gaur egun, baita diru-laguntza programa berriren bat martxan jartzen bada ere. Arazo gehiago eta handiagoak sortuko zaizkigu bidean, ziur, baina hastapenetan galduta sentitzen ginenerako oso laguntza baliagarria izan zen. Eskerrik asko, beraz!