TVE-ko lantalde bat Euskal Kostaldeko Geoparkeari buruzko erreportajea ari da grabatzen egunotan

2012-04-27 Iruzkinik ez

TVEko “La aventura del saber” saioko lantalde bat Euskal Kostaldeko Geoparkean da egunotan, erreportajea grabatzen.

Ez da lehen aldia saio honek Euskal Kostaldeko Geoparkeari buruzko erreportajea eskaintzen duela. 2011ko irailean Deba, Mutriku eta Zumaian izan ziren bi erreportaje filmatzen. Hain zuzen, euren webgunean daude ikusgai, www.rtve.es/television/la-aventura-del-saber. Orduan, baina, eguraldi txarragatik bertan behera utzi zuten Geoparkeko barnealdeko hainbat irudiren grabazioa eta, horrexegatik, berriro itzuli dira, Karstaren Ibilbideko irudiak hartzera.

Hala, atzo Karsta grabatzen izan zen telebistako lantaldea Euskal Kostaldeko Geoparkeko arduradunek lagunduta: Olatz, Mutriku, Ziñua… Geoparkeko kideek bisitariei eskaintzen zaizkien bisita geoturistikoen berri eman zieten erreportariei, bertako kultura, geologia, mitologia eta etnografia zabaltzea helburu duten bisitak, alegia.

Jarraian, Mutrikuko Kalbaixo ermitara igo ziren eta bertatik Euskal Kostaldeko Geoparkean batzen diren bi munduak begi-kolpe batez ikusteko aukera izan zuten, Flyscha eta Karsta.

Astigarribian eta Sasiolan egon ondoren, Lasturren amaitu zuten ibilbidea, Karstaren mundua ezagutzeko puntu interesgarrienetakoa. Aranzadiko kide Jose Angel Torresen eskutik, Lasturko bailara karstikoaren adierazpen garrantzitsuenak grabatu zituzten.

Gaur, berriz, EHUko Paleontologia katedradun Xabier Orue izango du telebistako lantaldeak gidari. Lasturko antzinako burdinoletan barrena murgilduko dira eta Ekaingo kobaren sarrera ezagutu ostean, Ekainberri bisitatuko dute, Ekaingo haitzuloaren erreplika.