Turislan, Gipuzkoako sektore turistikoaren I. Enplegu Azoka

2017-02-08 Iruzkinik ez

Helmugaren kalitatea hobetzeko eta sektorea profesionalizatzeko helburuari eutsiz, Gipuzkoako Foru Aldundiak sektore turistikoaren lehen Enplegu Azoka antolatu du. Datorren martxoaren 27an eta 28an egingo da, Irungo Ficoban.

Enplegu Azokaren xede nagusia da, batetik, lana bilatzen ari diren pertsonen eta turismo sektoreko enpresen arteko topalekua izatea, eta bestetik, plataforma bat izan nahi du sektore turistikoan profesionalki garatzeko duten gaitasuna ezagutarazi nahi duten horientzat edo orientazio bila dabiltzan ekintzaileentzat. Horrekin batera, enplegu azoka sektore turistikoaren intereseko diren gai nagusien inguruko eztabaida pizteko eta ezagutza partekatzeko gune ere izango da.

Nola parte hartu Turislan-en

Lanpostu bat betetzeko daukaten enpresa guztiak daude gonbidatuta parte hartzera, eta baita etorkizunerako lan poltsak sortzeko hautagaiak ezagutu nahi dituzten enpresak ere. Erakusketari gisa parte hartzeko interesa dutenek izena eman behar dute Turislaneko micrositearen bitartez otsailaren 28a baino lehen. 

Halaber, turismo sektoreko profesional guztiak daude gonbidatuta baliagarriak izan daitezkeen hitzaldiak ematera edo esperientziak partekatzera. Tailer edo hitzaldiak eskaintzeko izen-ematea otsailaren 28a baino lehen egin behar da, micrositearen bitartez.