Tripontziak ekimen gastronomikoaren hirugarren eta azken asteburua Debabarrenean

2016-11-24 Iruzkinik ez

Igandera arte, hilak 27, Tripontziak ekimen gastronomikoaz gozatzeko aukera dute Debabarreneko herritarrek. Hilaren 11an abiatu zen ekimena Debegesa Garapen Agentziak eta Debabarreneko Klub Gastronomikoko kide diren eskualdeko establezimenduek sustatuta. Ekimenak hirugarren edizioa du aurten eta helburua da bertako eta garaian garaiko produktuen kontsumoa sustatzea eta Debabarreneko establezimendu gastronomikoak zein bertako produktuak balioan jartzea.

Ekimenarekin bat egin duten establezimenduak honako hauek dira: Elgoibarko Belaustegi Jatetxea, Itziarko Kanala Jatetxea, Debako Urgain eta CalbetonJatetxeak, Lasturko Taberna, eta Eibarko Azitain Erretegia eta Kultu Taberna. Hauek guztiek garaian garaiko eta bertako produktuekin osatutako proposamen gastronomikoak eskainiko dituzte oso prezio erakargarrian: Tripontziak Menuak 25 eurotan eta Tripontziak Pintxoak 5 eurotan (2 pintxo eta 2 edari).

Ekimenera atxikitu diren 6 jatetxeek Tripontziak Menu ezberdinak prestatuko dituzte, bertako nekazari eta produktoreen lehengaiekin osatutako platerak. Produktu horien artean, inguruko baserritarren barazkiak, geure kostaldeko arrain freskoa edota Mendaroko txokolatea, besteak beste. Menu bakoitzak 25 euroko prezioa du, edaria, kafea eta BEZa barne. Bestalde, Eibarko Kultu tabernak ekimen honetarako esklusiboki prestaturiko pintxoak eskainiko ditu; 2 pintxo eta 2 edari 5 euroren truke.

Ekimenarekin bat egin duten establezimendu eta profesionalak oso gustura agertu dira orain arte ekimenak herritarren artean izan duen harrerarekin. Hala, iazko edizioarekin alderatuz, Tripontziak menua dastatzeko jaso duten erreserba kopuruak nabarmen egin du gora.

Gainera, Tripontziak ekimenak herritarren parte-hartzea saritzeko asmoa ere badu, sare sozialetan Debabarrena Turismoren profilen bitartez, abian jarritako lehiaketen bitartez, Twitterren, Instagramen eta Facebooken hain zuzen ere.

Kontsultatu establezimendu parte-hartzaileen eskaintza.