Tripontziak, azaroaren 11tik 27ra Debabarrenean

2016-11-07 Iruzkinik ez

Debegesa Garapen Agentziak eta Debabarreneko Klub Gastronomikoko kide diren eskualdeko establezimenduek hirugarren urtez jarraian “Tripontziak” ekimen gastronomikoa abian ipiniko dute. Ekimen honen helburua da bertako eta garaian garaiko produktuen kontsumoa sustatzea, eskualdeko ostalaritza sektoreari bultzada bat ematea eta Debabarreneko establezimendu gastronomikoak zein bertako produktuak balioan jartzea.

“Tripontziak” ekimenari ostiralean emango zaio hasiera, azaroak 11, eta 17 egunez luzatuko da, azaroaren 27ra bitarte. Honela, 3 asteburu hartuko ditu aurten ekimenak, hartara herritar eta bisitari gehiagok parte hartzeko aukera izan dezaten.

Ekimenarekin bat egin duten establezimenduak honako hauek dira: Elgoibarko Belaustegi Jatetxea, Itziarko Kanala Jatetxea, Debako Urgaineta Calbeton Jatetxeak, Lasturko Taberna, eta Eibarko Azitain Erretegiaeta Kultu Taberna. Hauek guztiek garaian garaiko eta bertako produktuekin proposamen gastronomiko iradokitzaile eta ezberdinak landuko dituzte prezio berezian: Tripontziak Menuak 25 eurotan eta Tripontziak Pintxoak 5 eurotan (2 pintxo eta 2 edari).

Ekimenera atxikitu diren 6 jatetxeek Tripontziak Menu ezberdinak eskainiko dituzte bertako produktuetan oinarrituz. Honela, bertako nekazari eta produktoreen lehengaiekin prestatutako platerak dastatzeko aukera egongo da. Produktu horien artean, inguruko baserritarren barazkiak, geure kostaldeko arrain freskoa edota Mendaroko txokolatea, besteak beste. Menuak 25 euroko prezioa dute; edaria, kafea eta BEZa barne.

Bestalde, Eibarko Kultu tabernak ekimen honetarako esklusiboki prestaturiko pintxoak eskainiko ditu; 2 pintxo eta 2 edari 5 euroren truke.

Kontsultatu establezimendu bakoitzaren eskaintza.

 

Sari gastronomikoak jokoan

Aldi berean, azaroaren 11tik 27ra bitartean, Debegesak lehiaketak jarriko ditu abian sare sozialetan Debabarrena Turismoren profilen bitartez, Twitterren, Instagramen eta Facebooken, herritarren parte-hartzea sustatu eta saritzeko  helburuarekin.

Twitterren eta Instagramen, erabiltzaileek argazkiak partekatu beharko dituzte euren “Tripontziak” unea erakutsiz, txioan #Tripontziak etiketa erabiliz eta taberna edo jatetxearen izena aipatuz. Zenbat eta argazki gehiago bidali, saria eskuratzeko orduan eta aukera gehiago.

Facebooken, aldiz, nahikoa izango da Debabarrena Turismoren orrialdera sartu –facebook.com/DebabarrenaTurismo– eta orriaren goiburuan proposatutako galderari zuzen erantzutea.

Halere, sare sozialen erabiltzaile ez direnek ere izango dute aukera sari gastronomikoak eskuratzeko. Horretarako, Tripontziak Menua edo Pintxoa dastatu duten taberna edo jatetxean Tripontziak zozketako kupoia eskatu beharko dute, harremanetarako euren datuekin bete eta establezimenduan bertan entregatu.

Parte-hartzaile guztien artean honako sari hauek zozkatuko dira: Tripontziak egonaldia eta Menua bi lagunentzat,  Tripontziak Menuak bi lagunentzat eta Mendaroko Txokolateen produktu-sorta tentagarriak.