Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkartea
Nabigazioa
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Robotika eta bideojoko tailerrak uda honetan Debabarrenean

Robotika eta bideojoko tailerrak uda honetan Debabarrenean

2017/06/26
  • Robotika
  • Tailerrak
10 tailer egingo dira guztira Debabarreneko herri ezberdinetan; egitasmoaren helburua da haur eta gazteen artean zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikarekiko interesa piztea. Izen-ematea zabalik dago www.gazterobotika.eus webgunean.

Debabarreneko Udalek, Debabarreneko haur eta gaztetxoen artean bokazio teknikoen sustapenaren aldeko apustuaren baitan, 10 tailer teknologiko antolatu dituzte udarako eskualdeko herri ezberdinetan. Gazterobotika izena duen hezkuntza-egitasmo honen helburua da haur eta gazteen artean zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematikarekiko interesa piztea. Eskualdeko egitasmo honen koordinazioa Debegesa garapen agentziaren esku dago. 

20 orduko tailerrak dira, 5 goizetan banaturik, eta 2001 eta 2009 urteen artean jaiotako haur eta gazteei daude zuzenduta. Talde lana sustatuz, gaztetxoek euren robotak eraiki eta programatuko dituzte; teknologiarekin ikasi, jolastu eta ondo pasatzeko aukera izango dute. Robotikaren mundua ezagutzeaz gainera,  bideojokoak sortzen ere irakatsiko zaie. Tailerrak euskaraz egingo dira eta Doplay enpresak emango ditu.

Tailerrak non eta noiz egingo dira:

  • DEBA: uztailaren 10etik 14ra.
  • EIBAR: uztailaren 17tik 21era eta abuztuaren 31tik irailaren 5era.
  • ELGOIBAR: uztailaren 10etik 14ra eta uztailaren 17tik 21era.
  • ERMUA: abuztuaren 31tik irailaren 6ra.
  • MALLABIA: irailaren 4tik 8ra.
  • MUTRIKU: abuztuaren 28tik irailaren 1era.
  • SORALUZE: ekainaren 26tik 30era eta uztailaren 3tik 7ra (Atxolin eta Keixeta guraso elkarteek eta Udalak antolatuta)

 

Tailerretan parte hartzeko 30 euro ordaindu beharko da (Udalek diruz lagundutako tailerrak dira). Plaza mugatuak dira. Izen-ematea zabalik da gazterobotika.eus webgunean.


Euskadiko I. Hezkuntza Robotika Txapelketa egingo da irailean Eibarren

Irailaren 23, larunbatez, Eibarko Astelena pilotalekuan Euskadiko I. Hezkuntza Robotika Txapelketa egingo da, Eibarko Udaleko Garapen Ekonomikorako sailaren ekimenez.

Robotikaren eta teknologia berrien inguruko topaketa izan nahi du txapelketak, doakoa eta Euskadi osoko gazteei zuzendua; eskola adineko haur eta gazteak (8 eta 16 urte bitarte) motibatzea du helburu, robotika eta programazio arloan lehen urratsak eman ditzaten, talde-lana eta arazoen ebazpena lantzearekin batera.

Udako tailerretan parte hartuko duten gaztetxoek txapelketan parte hartzeko aukera izango dute, eta eurek egindako lanak erakutsi.

Robotika eta bideojoko tailerrak uda honetan Debabarrenean