Mallabiko Udalak irabazi du Udalsarea 21 2010 Saria Ekoberrikuntza kategorian

2010-12-03 Iruzkinik ez

Iragan abenduaren 1ean, Pilar Unzalu
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Nekazaritza eta Arrantza Sailburua buru
zela, banatu ziren Bilbon Udalsarea 21
2010 Sariak,
Klima Aldaketa, Biodibertsitatea, Iraunkortasunerako
Hezkuntza, Ekintza Eredugarria eta Ekoberrikuntza kategorietan.

Udalsarea 21 Sariek aintzat hartzen dute Tokiko Agenda 21en barruan
EAEko udalerriek egindako lana, eta udalerri mailan burutzen diren
iraunkortasunaren aldeko jardunbide egoki onenak saritzen dituzte.

Guztira, EAEko 46 udalek aurkeztu dute
hautagaitza, eta horietatik bost izan dira Udalsarea 21 sarien irabazleak, bost
kategoria ezberdinetan. Ekoberrikuntza atalari dagokionean, Mallabiko Udalaren
proiektua gailendu da.

Gainerako 4 saridunak hauexek izan dira:

  • Klima Aldaketa kategorian: Legazpi.
  • Biodibertsitatea kategorian: Amurrio.
  • Iraunkortasunerako Hezkuntza kategorian: Azpeitia.
  • Ekintza Eredugarria kategorian: Zornotza.

Saridunek 3000 €ko ordainsaria eta
egiaztagiria eskuratu dute. 

 

Saritutako
proiektua (Mallabia)

Mallabiko Udalak eta Debegesak,
Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkarteak, Mondragon Unibertsitatearen eta
EHUren laguntzarekin, bultzatu duten ekimenak Goitondo industrialdean
ekosistema bat eratzea du xede. Hain zuzen, sistema naturalen antolamenduak
agintzen dituen printzipioak industrialde batean ezartzea da proiektuaren ardatza.

Goitondo Ekosistema Industriala deituriko ekintza
planari esker, industrialdean kokatzen diren enpresen arteko lankidetza sustatu
nahi da, lankidetza horrek ahalbidetuko baitu baliabide-kostuen murrizketa,
hondakinen berrerabilpena, eta beste hainbat ekimen bateratu ezartzea, hala
nola, materialen garraioari, mugikortasunari edota enpresen jardunbide egokien hartu-emanari
dagokionez.