Lanbideren diru-laguntzak ekintzaileentzat

2019-02-18 Iruzkinik ez
  • Xehetasunak azaltzeko informazio saioa egingo da Debegesan ostiralean, otsailak 22, 12:00etan.

 

Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuak ekintzaileei zuzendutako diru-laguntza deialdia egin du. Debabarrenean Debegesa Garapen Agentziak kudeatuko ditu diru-laguntza hauek, Lanbideren entitate kolaboratzaile baimendua denez gero. Eskabideak egiteko epea datorren astelehenean, hilak 25, irekiko du Debegesak eta martxoaren 1era arte egongo da zabalik.

Guztira, Lanbidek, Debegesa garapen agentziarekin elkarlanean, 23 diru-laguntza – 27.000 euro – bideratuko ditu eskualdean. Horietako 15, enpresa ideia bat garatu nahi duten ekintzaileentzat izango dira; eta beste 8 diru-laguntza banatuko ditu Debegesak ekintzaileek enpresa-proiektu berriak abian jar ditzaten. Langabezian egotea ezinbesteko baldintza izango da diru-laguntza eskuratzeko.

Diru-laguntzen zenbatekoari dagokionean, negozio ideia lantzeko laguntza, gehienez ere, 1.000 eurokoa izango da sustatzaile bakoitzeko. Enpresa-proiektu berriak martxan jartzeko, berriz, gehienez ere 1.500 euroko laguntza emango zaio sustatzaile bakoitzari. Zenbateko hauek % 15 handituko dira baldin eta sustatzailea 18 urtetik gorakoa eta 30 urtetik beherakoa bada (eskaera aurkezten duen unean), eta beste % 15 emakumezkoa bada.

Diru-laguntza hauek bideratzeaz gainera, Debegesak aholkularitza eta beharrezko duten laguntza eskainiko die ekintzaileei.

Eskabidea egiteko epea

Eskabidea egiteko epea otsailaren 25etik martxoaren 1era bitarte izango da zabalik eta eskaerak Debegesan aurkeztu behar dira. Bete beharreko eskabide-orria eskuragarri dago Debegesaren webgunean, debegesa.eus. Halaber, argibide gehiago 943 82 01 10 telefonora deituz edota ekintzaile@debegesa.eus epostara idatziz eskuratu ahal izango dute interesa duten guztiek.

Informazio saioa irekia

Xehetasunak azaltzeko eta zalantzak argitzeko, diru-laguntza hauei buruzko informazio saio irekia eskainiko du Debegesak ostiralean, otsailak 22, 12:00etan.