Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkartea
Nabigazioa
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Gure Balioak Saria jaso zuen atzo Julen Zabaleta marrazkilariak

Gure Balioak Saria jaso zuen atzo Julen Zabaleta marrazkilariak

2018/10/26
  • Gure Balioak
“Bere legatu historiko-artistiko garrantzitsuarengatik”, Julen Zabaleta marrazkilariak atzo jaso zuen Gure Balioak Saria, Mallabiko pilotalekuan egin zen sari-emate ekitaldian.

Julen Zabaleta Barrenetxea marrazkilariak atzo jaso zuen, hilak 25, Gure Balioak Saria 2018, Debegesa Garapen Agentziak Mallabiko Udalarekin batera, eta DanobatGroup enpresaren laguntzarekin, antolatu zuen ekitaldi hunkigarrian.

Julen Zabaleta Barrenetxea, Gure Balioak Saria jasotzen duen bederatzigarren persona da, 2010. urtean Debegesa garapen agentziaren ekimenez eratu zenetik. Sari honek Debabarrenean gizarte balioen sustapenean nabarmendu den pertsona publikoki aitortzea du helburu. Debabarrenean bereizgarri diren balioak eta Gure Balioak egitasmoak sustatu nahi dituenak dira: ekintzailetza, lankidetza, errespetua eta integritatea.

Sari-emate ekitaldia Mallabiko pilotalekuan egin zen eta saridunaren senitarteko eta lagun ugari bildu ziren bertan, 100 bat lagun, horien artean, Mallabiko eta Ermuko alkateak, Igor Agirre eta Juan Carlos Abascal.

Mallabiko “Lagun Artean” taldeko neska-mutilek ireki zuen ekitaldia; Igone Amestiren zuzendaritzapean, “Baratze bat” kanta eskaini zuten. Ondoren, Jose Antonio Azpiazu historialari eta antropologoak hitzaldia eman zuen Julen Zabaletaren obra oparoaren balioaz, artistaren marrazki sorta erakustearekin batera.

Azpiazuren hitzen ostean, aurtengo Gure Balioak Sariaren epaimahaiko bi kidek epaimahaiaren erabakiaren irakurketa egin zuten. Epaimahakideek Julen Zabaletaren “talentu, ekimen eta izaera altruista” azpimarratu zuten; “beti prest bere ilustrazio lanak behar izan dituzten pertsona eta erakundeekin kolaboratzeko eta bere ekarpena egiteko”. Halaber, Zabaletaren lana goraipatu zuten, “balio artistiko eta kultural handikoa; bere obraren bidez, Debabarreneko eta, oro har, Euskal Herriko aberastasun historiko eta arkitektoniko oparoa ikus daiteke, baita geure herriek bizi izan duten eraldaketa ere”.  Azkenik, epaimahaiak artistaren “lan isil eta etengabekoa, sormena, eskuzabaltasuna eta aldarte ona” nabarmendu zituen.

Julen Zabaletak iaz errekonozimendu hauxe bera eskuratu zuen Felix Etxeberriaren eskutik jaso zuen saria, Baroja Collet Debabarreneko artistaren brontzezko artelan bat, “Balioen artikulazioa” deritzona, espresuki sari honetarako sortua. Esker oneko hitzak izan zituen Zabaletak saria jaso ostean eta, besteak beste, Hortensia San Martin emaztea izan zuen gogoan.

Ekitaldiaren baitan saridunaren omenez egindako bideo hunkigarria ikus ahal izan zen.

Gure Balioak Saria jaso zuen atzo Julen Zabaleta marrazkilariak

Julen Zabaletak Felix Etxeberria iazko saridunaren eskutik jaso zuen Gure Balioak Saria