Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkartea
Nabigazioa
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Itxaspe kanpinak jaso du Gipuzkoako Turismo Berrikuntza Saria

Itxaspe kanpinak jaso du Gipuzkoako Turismo Berrikuntza Saria

2017/10/02
  • Saria
  • Itxaspe
  • Turismo
Itxaspe Kanpineko arduradunek joan den ostiralean, irailak 29, jaso zuten errekonozimendua Denis Itxaso Turismo eta Kultura diputatuaren eskutik.

Itxaspe Kanpinak (Itziar, Deba) 2017ko Turismo Berrikuntza Saria jaso zuen joan den ostiralean, irailak 29, Araeta Sagardotegian egindako Gipuzkoako Turismoaren jaian. Sektoreko profesionalak zein administrazio desberdinetako ordezkariak bildu ziren bertan.

Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo eta Kultura diputatuak Itxaspe Kanpineko arduradunei eskura eman zien bigarren Turismo Berrikuntza Saria, kalitatezko zerbitzuak eta arreta eskaintzen dituen familia-negozio honen ibilbidea aitortzeko xedez.

Debegesak aurkeztutako hautagaitza

Turismo Berrikuntza Sarietarako Itxaspe Kanpinaren hautagaitza Debegesak, Debabarreneko Garapen Agentziak, aurkeztu zuen Gipuzkoako Foru Aldundian. Zehazki, Debegesako Turismo Sailak -Debabarrena Turismok- Itxaspe Kanpinarekin elkarlanean landu zuen hautagai-txostena.

"Itxaspe Kanpinari emandako sariak aitortu nahi du familia-negozio horrek 30 urtez egindako etengabeko lana. Bi belaunaldiz osatutako familia, soberan erakutsi dituena berrikuntzarako gaitasuna eta ingurumenarekiko konpromisoa, besteak beste", goraipatu zuen Denis Itxasok. Turismo Diputatuak azpimarratu zuen "berrikuntza Itxasperen ibilbidean zehar presente egon den faktore bat" izan dela. "Berrikuntza teknologia eta iraunkortasun esparruetan, baita ekipamenduen diseinuan eta enpresa arte kooperazioan zein tokiko garapenean ere- Horren erakusle garbia da Euskal Kostaldeko Geoparkea".

29 urteko ibilbidea

Itxaspe kanpinak 1988.urtean ireki zituen ateak. Euskal Kostaldeko UNESCO Geoparkean dago kokatuta eta paraje ederrez dago inguratua, eta itxasora zein Flysch-eko labarretara bista ezin hobeak eskaintzen ditu. Hortaz, inguru natural paregabea du; gainera, kalitatezko zerbitzuak eskaintzen ditu, hala nola, ezgaituentzat moldatutako igerilekua, kirol anitzeko pista, haurrentzako jolasgunea, komunak, bungalow-ak, e.a. Bungalow Natura instalazio berriak Estatuko iparraldean aitzindari, lurretik hainbat metrora dauge igota; hala, ez dute ingurumenean inolako inpaktu kaltegarririk. Gama altuko bungalowak dira, familiarrak eta eko-arduratsuak. Bungalow berri horien instalazioarekin, Itxasperen helburua da familia turismoa sustatzea eta turista fluxua desestazionalizatzea -bezero gehienak nazionarte mailakoak dira, Holanda, Erresuma Batua, Dinamarka edota Frantziatik etorriak-.

Itxaspe kanpina familia-negozioa da. Jon Aguirreazaldegui eta Ana Luisa Zubizarreta senar-emazteak eta euren semeak, Egoitz eta Gorka, dira kanpineko arduradunak. Berrikuntzareriko konpromisoa eta naturarekiko errespetua dira beren enpresa-filosofiaren oinarri.

Itxaspe Kanpina Debabarrena Turismoren kolaboratzaile da hasieratik eta kalitate turistikoa bermatzeko hainbat programetan parte hartzen jarraitzen du. Kalitatearen Aldeko Konpromiso Turistikoaren zertifikatua du eta Interneteko kanpin eta ostataleku bilatzaile desberdinetan jasotako iritzietan erreparatuz gero, Euskadi mailan kalifikazio onena duen kanpina da.

Itxaspe kanpinak jaso du Gipuzkoako Turismo Berrikuntza Saria

Itxaspe Kanpineko arduradunak, Gorka eta Egoitz (erdian) eta Debabarreneko ordezkaritza, Maite Cruzado Turismo Zuzendaria eta Denis Itxaso Turismo eta Kultura Diputatuarekin / Argazkia: San Sebastian Region