Gipuzkoako turismo arloko profesionalek Debabarreneko turismo eskaintza ezagutu dute

2018-04-25 Iruzkinik ez

Turismo sektoreko profesionalen bisita jaso zuten atzo Debabarreneko kostaldeko bi herriek, Debak eta Mutrikuk, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Departamentuak, Explore San Sebastian Region turismo bulegoaren bidez, eta Urola Kostako eta Debabarreneko eskualdeekin lankidetzan, antolatutako bisita teknikoaren baitan. Gipuzkoako turismo sektoreko profesionalei bi eskualdeak ezagutaraztea izan zuen helburu ekimenak.

Bi eskualdeek baliabide eta produktu turistiko ugari eskaintzen dute, besteak beste, Debako, Mutrikuko eta Zumaiako herriek osatzen duten Euskal Kostaldeko UNESCOren Geoparkea, Europa mailan geoturismo erreferente bihurtu dena.

Mutrikun, Monumentu Multzo izendatutako Hirigune Historikoa ezagutu zuten eta, jarraian, Arrantzaleen Kofradian mokadua egiteko aukera izan zuten. Ondoren, Debara abiatu ziren eta han itsas-ibilaldia egin zuten, Debatik Zumaiara, Euskal Kostaldeko UNESCOren Geoparkeko flysch ikusgarria bertatik bertara ikusteko.

Itsas irteeran parte hartu ez zutenek Debako Santa Maria Eliza bisitatu zuten, eta ondoren, Debako turismo bulegoan kokatuta dagoen Geopark Corner gunea ezagutu eta Geoparkeko gerente Leire Barriusorekin hitz egiteko aukera izan zuten.

Deba eta Mutriku bisitatzeaz gainera, Urola Kostako eskaintza turistikoa ezagutzeko aukera ere izan zuten: Orio, Zarautz eta Balenciaga Museoa, Getarian.

Bisita teknikoan parte hartu zuten eragileekin batera, 50 bat lagun (ostatuak, turismo bulegoak, turismo arloko enpresak…), Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Zuzendaria, Maite Cruzado, eta San Sebastian Region bulegoko arduraduna, Cristina Iturriagagoitia, izan ziren. Debegesa garapen agentziako Turismo eta Garapen Jasangarria saileko arduradun Aitziber Cortazarrek ere parte hartu zuen bisitan.