Gazteen laneratzea sustatzea helburu duen Hazilan programaren laugarren edizioan izena emateko epea urriaren 19a arte luzatu du DEBEGESAk

2017-10-09 Iruzkinik ez

Hazilan egitasmoaren laugarren edizioa abiarazi du Debegesa garapen agentziak Debabarrenean. Programa honek eskualdeko gazte kualifikatuen laneratzea du helburu. Egitasmoa doakoa da eta Debabarreneko 20 eta 44 urte bitarteko gazte langabeei zuzenduta dago, goi mailako heziketa zikloa edo unibertsitate ikasketak bukatuta dituztenei.

Laugarren edizio honetarako oraindik plaza batzuk badaude eta, hori dela eta, parte hartzeko interesa dutenak garaiz dabiltza izena emateko. Izen-emate epea urriaren 19a arte luzatu da (12:00ak arte). Inskripzioa debegesa.eus webgunearen bidez egin behar da.

Parte-hartzaileek prestakuntza pertsonalizatua jasoko dute. Lehen fase batean (Aktibatu), euren gaitasun pertsonalak eta profesionalak hobetzeko trebakuntza jasoko dute, lan mundura sartzea erraztuko dieten erreminten bitartez, eta proiektuen kudeaketa arloko ezagutza eta trebezia landuko dute metodologia berritzaileen bidez. Bigarren fase batean (Kokatu), enpresetan praktikak egiteko aukera izango dute. Honela, lan munduko errealitatea gertutik ezagutzeko aukera izango dute. Bi hilabeteko iraupena du programak eta plaza kopurua mugatua da.

Debabarrenean burutu diren aurreko hiru edizioetan 42 pertsonak parte hartu dute (27 emakumezko eta 15 gizonezko); horietatik %70ak lana aurkitu zuen programa amaitzerakoan.

Hazilan programa Garapen elkarteak koodinatzen du (Garapen Agentzien Euskal Elkarteak); Euskadiko 2014-2020 Programa Operatiboaren baitan kokatzen da eta Europako Gizarte Funtsak finantzatzen du %50ean.