Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkartea
Nabigazioa
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Felix Etxeberria Larrañagak jasoko du Gure Balioak Saria 2017, “euskararen alde egindako ibilbide luze eta emankorragatik”

Felix Etxeberria Larrañagak jasoko du Gure Balioak Saria 2017, “euskararen alde egindako ibilbide luze eta emankorragatik”

2017/10/25
  • Saria
  • Gure Balioak
Bai enpresa arloan bai eta herrigintzan ere, erakutsitako “ekimena eta izaera ekintzailea” nabarmendu ditu epaimahaiak, “beti euskara eta euskal kultura ardatz izan dituena”. Datorren azaroaren 9an jasoko du errekonozimendua Mendaroko San Agustin Kulturgunean egingo den sari banaketa ekitaldian, 18:30ean.

Euskaltzale amorratua, ekintzaile saiatua eta langile nekaezina”, Felix Etxeberria Larrañaga Parapanek (Elgoibar, 1926) jasoko du aurtengo Gure Balioak Saria. Elgoibarko alfabetatze eta euskalduntzearen, Ikastolaren eta Elgoibarko Izarra Kultur Elkartearen sorreran eta garapenean “arima eta motorra” izan da, besteak beste; gainera, Danobat kooperatibaren sorreran ezinbesteko rola izan zuen eta, bertan lanean ari zela, Etxepe lantegia eratu zuen.

Enpresa, hezkuntza, gizarte eta kirol arloan diharduten Debabarreneko 9 lagunek osatutako epaimahaiak erabaki du saria Felix Etxeberriari ematea, “bere ekimen eta izaera ekintzaileagatik, bai eta bizitza eta ibilbide profesionalean xede hartu dituen helburuak lortze aldera hainbeste lagunen lankidetza eta talentua erakartzeko, motibatzeko eta inplikatzeko gaitasuna erakusteagatik ere, beti euskara eta euskal kultura ardatz izanik”.

Epaimahaiak Felix Etxeberriaren figura azpimarratu du “euskalgintzaren eta herrigintzaren erreferente gisa”, ez soilik Elgoibarren edota Debabarrenean, baita eskualdetik kanpo ere, “etengabeko konpromisoa eta ahalegina eta erabateko dedikazioa erakutsiz, beti ere musutruk eta eskuzabaltasunez jokatuz”.

Era berean, epaimahaiak aintzat hartu du “zintzotasunez, gogo handiz, ausardiaz, modu sortzailean eta ekimen berriei ekiteko ilusioz arlo ezberdinetan egindako lan emankorra, gizarte kontzientzia nabarmena erakutsiz kooperatibismoaren aintzindaritzan, lan munduan euskararen erabilera bultzatuz edota memoria historikoaren berreskuratzean”.

Felix Etxeberria Larrañaga izango da Gure Balioak Saria jasoko duen zortzigarren pertsona, 2010. urtean Debegesa garapen agentziaren ekimenez eratu zenetik. Sari honek Debabarrenean gizarte balioen sustapenean nabarmendu den pertsona publikoki aitortzea du helburu. Debabarrenean bereizgarri diren balioak eta Gure Balioak egitasmoak sustatu nahi dituenak dira: ekintzailetza, lankidetza, errespetua eta integritatea.

Saria datorren azaroaren 9an banatuko da Mendaroko San Agustin Kulturgunean,18:30etik aurrera. Sari banaketa ekitaldian Maite Maiora mendi korrikalariak hitzaldia eskainiko du, kirola eta balioak hizpide hartuta, denboraldi bikaina amaitu berritan. Beste urte batez, DanobatGroup enpresaren laguntza izango du Gure Balioak Sariaren banaketa ekitaldiak, Mendaroko Udalarekin batera.

Saridunak Juan Luis Baroja Collet artistaren eskultura bat jasoko du, sari honetarako bereziki diseinatua.

 

Felix Etxeberria Larrañaga “Parapan” (Elgoibar, 1926)

1926. urtean sortu zen Sallobente - Ermuaran auzoko Parapan baserrian. 14 urterekin hasi zen lanean peoi, Eibarren. Ondoren, Orbea, Sigma eta Jarbe lantegietan aritu zen. 27 urterekin, Jarbe lantegian ari zela, Danobat sortzeko idea izan zuen eta, 1954an, hamasei lagunen artean abiarazi zuten, proiektu kolektibo gisa.

Danobat kooperatibaren sorrera-prozesuan eragile lanetan jardun zuen Felixek, eta beste horrenbeste 1973an Etxepe lantegia sortu zutenean. Lan-mundua euskalduntzen ere jardun zuen Felixek, eta Danobaten kasuan, lehen hiztegi teknikoa sortu zuen. Etxeperen kasuan ere antzera izan zen, euskaraz lan egiteko eta funtzionatzeko konpromisoa hartu zuten eta, besteak beste, enpresaren irabazien zati bat euskalgintzari ematen zioten.

Danobaten lan egiteaz batera, euskalgintzako eragile funtsezkoenetako bat izan da Felix Etxeberria Elgoibarren. 1959an Ongarri kultur elkartearen eratze prozesuan eta bere sustapenean parte hartu zuen; euskarazko gau-eskolen eratze prozesuan parte hartu zuen eta bertan euskarazko klaseak eman zituen 10 urtez; 1962an Elgoibarko Ikastolaren bultzatzaileetako bat izan eta, urtebete geroago, Elgoibarko Izarra elkarte euskaltzalearen sortzaileetako bat izan zen. Halaber, beste hainbat ekimen sustatu zituen Elgoibarren: antzerkia, dantza eta bertsolarizaren inguruko ekimenak, Aubixa aterpetxea, mendi-irteerak… Zeruko Argia eta Anaitasuna aldizkarietan kronikagile ere aritu zen.

AEK-k antolaturiko Korrikaren edizio ia guztietan parte hartu du eta maiz eraman du lekukoa, azkena aurtengo apirilaren 5ean, 90 urterekin.

Azken urteotan buru-belarri aritu da “Elgoibar 1936” elkartearen aholkulari eta laguntzaile lanetan, memoria historikoa berreskuratzeko gerra garaiko kontuak bildu, argitu eta gizarteratzen.

 

Aurreko edizioetan sarituak

Debegesa garapen agentziak sustatu eta antolatzen du urtero Gure Balioak Saria; Debabarreneko eskualdean pertsona edo entitate batek bere ibilbidean zehar sustatu dituen giza balioei aitortza egitea du xede.

Gure Balioak Saria Debegesa garapen agentziak sortu zuen 2010ean eta urtero banatu izan da. Aurreko edizioetan saridunak hauexek izan dira:

  • 2016: Nerea del Campo Agirre
  • 2015: Antonio Cancelo Alonso
  • 2014: Sabin Osoro Unzueta
  • 2013: Carmelo Urdangarin Altuna
  • 2012: Jesus Bilbao Azpiri
  • 2011: Gemma Aguirregomezkorta Laka
  • 2010: Mª Tere Ganchegui Juaristi
Felix Etxeberria Larrañagak jasoko du Gure Balioak Saria 2017, “euskararen alde egindako ibilbide luze eta emankorragatik”

Felix Etxeberria Larrañaga "Parapan", Gure Balioak Saria 2017