Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkartea
Nabigazioa
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Felix Etxeberria elgoibartarrak jaso du Debabarreneko Gure Balioak Saria

Felix Etxeberria elgoibartarrak jaso du Debabarreneko Gure Balioak Saria

2017/11/10
  • Felix Etxeberria
  • Gure Balioak
  • Premio
Felix Etxeberria elgoibartarrak jaso zuen atzo, Mendaroko San Agustin Kulturgunean egin zen sari-emate ekitaldian, Debabarreneko Gure Balioak Saria, “euskararen alde egindako ibilbide luze eta emankorragatik”.

Felix Etxeberria elgoibartarrak atzo jaso zuen, osteguna, Gure Balioak Saria 2017, Debegesa Garapen Agentziak Mendaroko Udalarekin batera, eta DanobatGroup enpresaren laguntzarekin, Mendaron antolatu zuen ekitaldi hunkigarrian. Elgoibarko alfabetatze eta euskalduntzearen, Ikastolaren eta Elgoibarko Izarra Kultur Elkartearen sorreran eta garapenean “arima eta motorra” izan da Felix Etxeberria; gainera, Danobat kooperatibaren sorreran ezinbesteko rola izan zuen eta, bertan lanean ari zela, Etxepe lantegia eratu zuen.

Mendaroko San Agustin Kulturgunean egin zen sari-emate ekitaldia. Felix Etxeberriak iaz errekonozimendu hauxe bera eskuratu zuen Nerea del Camporen eskutik jaso zuen saria, Juan Luis Baroja Collet Debabarreneko artistaren brontzezko artelan bat, “Balioen artikulazioa” deritzona.  Esker oneko hitzak izan zituen Etxeberriak saria jaso ostean eta, lagunak gogora ekartzeaz gainera, Loli Canales emazteari eskaini zion bereziki saria.

Ekitaldian kirolaren balioez hitzaldia eskaini zuen Maite Maiora mendi korrikalari mendaroarrak, 2017ko mendi lasterkari osoena izendatu berri dutenak. Eta musikak ere bere tokia izan zuen. Juan, Nerea eta Maddi Arriola aita-alaben eskutik, kitarra eta biolin doinuek eman zioten hasiera eta amaiera ekitaldiari.

Felix Etxeberria Gure Balioak Saria jaso duen zortzigarren persona da, 2010. urtean Debegesa garapen agentziaren ekimenez eratu zenetik. Sari honek Debabarrenean giza balioen sustapenean nabarmendu den pertsona publikoki aitortzea du helburu.

Epaimahaiaren erabakiz aurtengo Gure Balioak saria Felix Etxeberriarentzat izan da, “bere ekimen eta izaera ekintzaileagatik, bai eta bizitza eta ibilbide profesionalean xede hartu dituen helburuak lortze aldera hainbeste lagunen lankidetza eta talentua erakartzeko, motibatzeko eta inplikatzeko gaitasuna erakusteagatik ere, beti euskara eta euskal kultura ardatz izanik”.

Epaimahaiak Felix Etxeberriaren figura azpimarratu du “euskalgintzaren eta herrigintzaren erreferente gisa”, ez soilik Elgoibarren edota Debabarrenean, baita eskualdetik kanpo ere, “etengabeko konpromisoa eta ahalegina eta erabateko dedikazioa erakutsiz, beti ere musutruk eta eskuzabaltasunez jokatuz”.

Azkenik, epaimahaiak aintzat hartu du “zintzotasunez, gogo handiz, ausardiaz, modu sortzailean eta ekimen berriei ekiteko ilusioz arlo ezberdinetan egindako lan emankorra, gizarte kontzientzia nabarmena erakutsiz kooperatibismoaren aintzindaritzan, lan munduan euskararen erabilera bultzatuz edota memoria historikoaren berreskuratzean”.

 

 

 

 

 

 

Felix Etxeberria elgoibartarrak jaso du Debabarreneko Gure Balioak Saria