Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Debabarreneko Garapen Ekonomikorako Elkartea
Nabigazioa
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Euskal Kostaldeko Geoparkea Europar Sarean sartzea aitortzen duen ziurtagiriaren emate-ekitaldia izango da abenduaren 15ean

Euskal Kostaldeko Geoparkea Europar Sarean sartzea aitortzen duen ziurtagiriaren emate-ekitaldia izango da abenduaren 15ean

2010/12/13

Datorren asteazkenean, abenduaren 15ean, Deba, Mutriku eta Zumaiako udalek, Geogarapen Elkarteko gainerako kideekin batera (Euskal Kostaldeko Geoparkearen kudeaketarako Elkartea), Geoparkeen Europar Sarean eta Sare Globalean sartzea aitortzen dien ziurtagiria jasoko dute.

Era berean, ekitaldian parte hartuko dute Euskal Kostaldeko hautagaitzari babesa eskaini dioten erakundeak eta pertsonak, baita Geoparkearen lan-taldeak osatzen dituzten profesionalak ere.

Ekitaldia eguerdiko 13:00ean izango da Debako Udaleko Pleno aretoan, eta bertan izango da Guy Martini geologo frantsesa. Hain zuzen, Martiniren eskutik jasoko dute hiru udalerriek aipatu ziurtagiria, Europar Sarearen eta Sare Globalaren izenean.

Guy Martini, geologoa eta Haute Provence frantziar Geoparkeko Zuzendari Zientifikoa, Sarearen Aholkularitza Batzordeko eta Koordinazio Batzordeko kide nabarmena da. Geoparkeen proiektuak oinarrian duen marko teorikoaren garapenean ekarpen gehien egin duen pertsona da Martini.

Hiru udalerri hauek aurkeztutako hautagaitzak, EUSKAL KOSTALDEKO GEOPARKEAREN PROIEKTUA izenburupean, UNESCOren eta Europar Geoparkeen Sarearen Koordinazio Batzordearen onespena jaso berri du. Honi esker, Deba, Mutriku eta Zumaia biltzen dituen lurraldeak Europar Geoparkeen Sarera eta Sare Globalera sartzea lortu du. Hala eman zen jakitera Greziako Lesbos irlan egin zen Europar Geoparkeen 9. Konferentzian, iragan urriaren 1an.

Geogarapen-eko kide dira Elkartearen sortzaile eta proiektuaren sustatzaile izan diren Deba, Mutriku eta Zumaiako udalez gainera: Gipuzkoako Foru Aldundia, Debegesa (Debabarrenako Garapen Ekonomikorako Elkartea), Aranzadi-Zientzia Elkartea, Debemen (Debabarreneko Landa Garapeneko Elkartea), Unesco Etxea eta Urkome (Urola Kostako Landa Garapeneko Elkartea). Partaide izateko bidean dira, berriz, Eusko Jaurlaritza eta Urola Kostako Mankomunitatea.

Proiektuaren kudeaketa eta koordinaziorako, Elkarteak Debegesarekin sinatu du lankidetza hitzarmena, eta Zuzendaritza Zientifikoa Geosei enpresako Joan Poch geologoaren esku dago.

 

Aurkezpena EHUko irakasleen eskutik

Ekitaldiaren bigarren zatian, EHUko irakasle Xabier Orue-Etxebarria katedradunak eta Juan Ignacio Bacetak aurkezpen txiki bat egingo dute “Euskal Kostaldeko ikerketa geologikoen iragana, oraina eta etorkizuna” izenburupean.

Hain zuzen, aurkezpen hau Geogarapen Elkartearen eta Euskal Herriko Unibertsitatearen arteko lankidetza hitzarmenaren barruan kokatzen da.