Euskadiko II. Hekuntza Robotika Txapelketa egingo da irailaren 22an Ermuko Izarra Centren

2018-09-17 Iruzkinik ez

Debabarreneko 8 eta 16 urte bitarteko ia 100 haur eta gaztek parte hartuko dute datorren larunbatean, irailak 22, Euskadiko Hezkuntza Robotika Txapelketaren bigarren edizioan. Topaketa Ermuko Izarra Centre eraikinean egingo da, goizeko 10:00etatik aurrera. Ermuko Udalak sustatu du, Debegesa Garapen Agentziaren lankidetzarekin, eta hainbat erakunde eta entitateren laguntza jaso du ekimenak, hala nola, Spri, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, SD Eibar Fundazioa, Laboral Kutxa, Obra Social “la Caixa” eta EPC eta Precimontajes enpresak.

Txapelketa eskualde mailako Gazte Robotika izeneko egitasmo hezitzailearen baitan antolatu da, Debabarreneko zortzi udalen ekimenez abian jarritakoa, Gazte Robotika proiektuaren helburua da Debabarreneko haur eta gazteen artean zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikarekiko interesa piztea (STEM bokazioak), modu dibertigarrian eta talde-lanean oinarrituz.

Enpresa industrialen aldetik alor hauetan prestatuta dauden profesionalen eskaria gero eta handiagoa da, eta etorkizunean joera hau handituz joango dela aurreikusten da. Halere, bokazio teknologikoak dituzten ikasleen kopurua ez da maila berean igotzen. Hori dela eta, Gazte Robotika egitasmoak STEM jakintzagaiak Debabarreneko haur eta gazteei hurbiltzea du xede nagusi, industriaren sektoreak datozen urteetan izango dituen erronkei erantzun egokia eman ahal izateko. Debabarreneko eskualdean, gainera, formazio eskaintza zabala dugu eremu hauetan, bai lanbide heziketan baita unibertsitate ikasketak egiteko ere.

Gazte Robotika txapelketa aurkezteko ekitaldia Izarra Centren egin da gaur goizean. Bertan Juan Carlos Abascal alkateak berretsi egin du “Euskadiko Hezkuntza Robotika Txapelketaren bigarren edizioa herrian ospatzeko Udalaren konpromisoa”, eta nabarmendu egin du “ikasleen artean sormena eta talentu berritzailea bultzatzearen garrantzia, Gazte Robotika bezalako egitasmo baten bitartez, bokazio teknikoak txikitatik sustatuz”.

Ekitaldian izan dira, era berean, Spriko Zuzendari Nagusia, Alex Arriola, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Teknologia eta Nazioarteratzeko Zuzendari Nagusia, Antton Tomasena, eta Debegesa Garapen Agentziako Zuzendari Nagusia, Juan Angel Balbas. Azken honek elkarlanean jarraitzearen alde hitz egin du, “Debabarreneko eskualdearen apustu teknologikoa” nabarmenduz.

2017an abian jarri zenetik, Debabarreneko zortzi herrietako 450 bat ikaslek parte hartu dute zortzi udalen ekimenez Gazte Robotika egitasmoaren baitan burutu diren ekintza ezberdinetan. Ildo horretatik, Gazte Robotikak ahalegin berezia egiten du neskatilen parte-hartzea bultzatzeko. Partaidetza hau oraindik txikia da – aurtengo txapelketan, larunbatean, nesken parte-hartzea %17koa izango da-, beraz, epe laburrean heldu beharreko erronka moduan ikusten da.

 

41 talde lehian eta 2 erronka aukeran

Bigarren edizio honetarako erronka berriak ezarri dira gazteen artean sormena eta soluzio teknologiko berritzaileak garatzeko gaitasuna sustatzeko. Honela, txapelketak bi kategoria edo erronka izango ditu aukeran: “Kolore kolore”, ahalik eta kolore gehien sortzea lortu beharko dute, eta “1vs1 Game”, abilezia eta estrategia jolasa. Batean zein bestean parte-hartzaileek euren buru-argitasuna eta talde-lanean aritzeko gaitasuna erakutsi beharko dute. Txapelketa robotika arloan espezialista den Doplay enpresak antolatu du.

Guztira txapelketan 8 eta 16 urte bitarteko 100 bat lagunek parte hartuko dute, 41 taldetan banatuta. Hain zuzen ere, bigarren urtez jarraian udan Debabarreneko herri ezberdinetan egin diren tailer teknologikoetan parte hartu dute gazteek eta tailer horietan diseinatu eta programatu dituzten robotekin lehiatuko dira. Tailer hauek ekaina eta iraila artean eskaini dira Deban, Eibarren, Ermuan, Mutrikun eta Soraluzen eta, denera, 126 ikasle aritu dira.

Gazte Robotika topaketaren baitan tailer irekiak ere eskainiko dira goiz osoan zehar. Bertara hurbiltzen direnek aukera izango dute teknologia aurreratuenak ezagutu eta probatzeko. Tailerrak Omnis enpresak eskainiko ditu; Izarra Centreko izaera teknologikoa duten enpresen haztegian kokatzen da eta entretenimendu digitalaren industrian erreferentea da.

Eramango dituzten proposamenen artean, “Makeymakey” kontrolekin esperimentatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Ordenagailua edo beste aplikazio bat saguaren ordez eguneroko objetuak erabiliz nola kontrola daitekeen ikasi ahal izango da. “Minecraft diseinua eta 3D inpresioa” izeneko tailerrean, gaztetxoenek 3D impresora baten funtzionamendua ikasiko dute eta Minecraft bideo-joko arrakastatsua erabiliz egindako diseinuak 3Dn zein erraz inprimatu daitezkeen ikusiko dute. Azkenik, ikus-entzunezkoen mundua maite dutenek euren talentu artistikoa eta sormena probatu ahal izango dute “Kamera, bideo-ekipoa eta Chroma” tailerrean.

Bestalde, Iruña Tecnologías enpresa nafarrak robot kolaboratiboen erakustaldia egingo du.

Gazte Robotikak goizeko 10:00etan zabalduko ditu ateak eta 13:00etan amaituko da diploma eta errekonozimendu banaketarekin, erronka bakoitzeko hiru talde onenentzat. Sarrera irekia izango da, aretoa bete arte.