Eskolako Agenda 21eko udaletxeko bilkura egin da Elgoibarren

2016-05-19 Iruzkinik ez

Gaur, osteguna, Eskolako Agenda 21eko bilkura egin da Elgoibarko Udaletxean. Egitasmo honetan parte hartzen duten Elgoibarko 3 ikastetxetako (Institutua, Herri eskola eta Ikastola) 40 bat ikasle batu dira pleno aretoan, gainerako ikasle guztien ordezkari eta euren irakasleek lagunduta. Ikasleek urtean zehar egindako lanaren berri eman diete udal ordezkariei eta proposamenak aurkeztu dizkiete.

Aurtengo ikasturtean Biodibertsitatea izan da Debabarreneko ikasleek Eskolako Agenda 21 egitasmoaren baitan landu duten gaia eta ikuspuntu horretatik aztertu dute euren herria. Besteak beste, Elgoibarko gune berdeak eta parkeak aztertu dituzte ikasleek eta landaredia eta animalia inbaditzaileen gaineko azterketa ere egin dute (liztor asiatikoa…). Egitasmo hau aurrera eramateko, ikastetxeek Udalaren, Ingurugelaren eta Debegesa garapen agentziaren laguntza dute eta Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzen du.

Egoeraren diagnostikoa egin ostean, ikasleek udalbatzarrean aurkeztu dituzte ateratako ondorioak, baita euren eskaera eta proposamenak ere, herri jasangarri bat garatze aldera. Ikasleek Udalari egindako ekarpenetatik azpimarragarrienak hauek dira:

  • Espezie inbaditzaileen kontrol zehatza eramatea eta,  horretarako, herritarrek osatutako lan-taldeak eratzea.
  • Liztor asiatikoari aurre egiteko neurriak hartzea.
  • Udalak aurrera eramaten dituen lanetan bertako espezieak lehenestea.
  • Adin guztietara egokitutako parkeak eraikitzea.
  • Txorientzat jantokiak eta habiak ipintzea.

Udal ordezkariek ikasleen proposamenak adi entzun eta erantzun dituzte eta eskerrak eman dizkie Eskolako Agenda 21ean egindako lanarengatik.